Gay Pride-n biltzen direnak gaitzetsi ditu «haserre» Baionako apezpikuak
Biarrizko Gay Pride martxak Aillet Baionako apezpiku berriaren adierazpenak piztu zituen atzo. Agiri batean, gaur egingo den desfilea «gaitzesten» eta «ezesten» duela nabarmendu zuen, elizak defenditzen dituen familia baloreak gogora ekarriz. Gay Pride martxaren antolatzaileek erran horiek salatu zituzten, eta beraiekin biltzeko gomita egin zioten apezpikuari. «Askatasuna, adiskidetasuna, berdintasuna», aldarrikatuko da Biarrizko Gay Pride-n.
Ainize BUTRON |
Biarritzen, gaur iragan beharra duen Gay eta Lesbianen harrotasunaren martxak administrazio katolikoaren oldarra piztu du. Ekaina erditsutan iragan ohi da Gay Pride desfilea, eta gay zein lesbianen aldarrikapen gune nagusi eta tradizionala bilakatu da azken urteotan.
Baina, atzo, Baiona, Oloroe eta Leskarreko Aillet apezpikuak Baionako elizbarrutiaren webgunean kaleratu agiriak, aldarrikapen-ekimen horren inguruan polemika sortu zuen. Agirian idazten denaren arabera, adierazpen horren bidez, martxaren aurrean «oldartu, eta elizak duen familia kontzepzioa oroitarazi» nahi izan du Allietek, Gay Pride martxak beregan «haserrea» pizten duela erranez.
«Nire sumindura eta herritar askoren gaitzespena pizten du desfile horrek», aipatu zuen apezpikuak. Elizak oroz gainetik, sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzetan bermaturiko familiak babestea helbu- ru zuela nabarmentzearekin, Gay Pride ezesten zuela adierazi zuen. «Herritarren gutxiengo baten izenean Gay Pride-k bereak egiten dituen aldarrikapen zaratatsuak ezesten ditut», salatu zuen, homosexualak errespetatu eta haien oinaze eta zailtasunekin bat egiten zuela erra- nez jarraitzen bazuen ere.
Gomita zabalduz
Apezpikuaren haserrea aurtengo Gay Pride desfilean parte hartzekotan den Soeurs de la Perpetuelle Indulgence (betiereko barkamenaren serorak) izeneko taldearen agerpenean oinarritzen da. Gay eta Lesbianen aldarrikapenak probokazioaren bidez entzunaraztea helburu duen taldea seroraz jantzirik agertzen baita, izan ere, desfileetan. «Elkarte hori ezagutua da katolikotasunaren aurkari sutsuak eta hitzetan iraingarriak direlako», argitu zuen apezpikuak.
«Beraien parte hartzea laido bat da Euskal Herriko kultura, tradizioa eta arima azkarki markatzen duen fede katolikoa eta erlijioarentzat», jarraitu zuen esaten. Harrotasun martxaren antolatzaile den Biarrizko LGP elkarteak apezpikuaren esanak salatu zituen, eta beraiekin biltzeko gomita egin zion horrela elkar ezagutzeko.
Horrenbestez, haren hitzetan «gutxiengoan dagoen herritar multzo» diren gay eta lesbianak, Euskal Herrian, «biztanleriaren %10 eta %15 inguru» direla gogorarazi zion LGP taldeak.
«Gaur egun bakardadea pairatzen duten herritarrak dira. Eta, bazterketa horren eragile nagusia Eliza eta gisako egiturek bultzatutako bazterketa politika izan da», nabarmendu zuen Stephany Christophe elkarteko lehendakariak. «Nola egin dezakezu gure oinazearekin bat, beste era batez maitatzea aukeratu duten pertsonak baztertzen dituzularik?» galdetzen jarraitu zuen, apezpikuaren erranei erantzunez. Tradizioak aldatu daitezkeela gogorarazi zion, ondorioz, Stephanyk apezpikuari. «Emakumeak ez dituzte gehiago gizonen arauak pairatu behar, sorginak ez dira gehiago plazetan erre behar, eta apezak ez dira soinekoak jartzen dituzten gizon bakarrak», argitu zuen Biarritz LGPko buruak.
Homosexualitateak ez dituela herrien tradizioak eta familiak sekulan kolokan jarri nabarmenduz, homosexualitateak maitasuna, elkartasuna eta adiskidetasunaren baloreak zabaltzen dituela goraipatu zuen. «Familia eraikitzeko edo izpiritu irekidura batera daramaten tradizioen ezagutza bermatzeko beharrezkoak ditugun baloreak dira horiek», azpimarratu zuen berriz. Azkenik, Soeurs de la Perpetuelle Indulgence taldeari dagokionez, taldeak zabaltzen dituen hitzak Gay eta Lesbianen- tzat «askatasun ekarpena» direla esan zuen.
Gay Pride desfilea, gaur, arratsaldeko bostetan abiatuko da Biarrizko itsasargitik. Baina aldarrikapen eguna eguerdian hasiko da, bazkari batekin, eta, ondotik, elkarteen herrixka irekirik izango da informazioa biltzeko.