CEL3 taldeak euskal eta irlandar doinuak biltzen ditu «It could be worse» disko berrian
Ainize BUTRON | BAIONA
CEL3 taldea 2000. urtean sortu zen. Hiru musikarik, Irlandako musika herrikoiaren zaleak, osatzen duten talde horrek bi disko kaleratuak ditu. Eta joan den abenduan lantzen hasi ziren «It could be worse...» izeneko azken lana plazaratu berri dute Elkar argitaletxearekin.
«Lehenengo diskoa maketa bat zen. Ondotik, `No balls, no chain, no prison shall keep' diskoan kantu ezagun zenbait barnatuak genituen. Azken diskoak guhaurrek eginiko konposizioak biltzen ditu osoki», azaldu zuen Dominic Earl taldeko kantari eta gitarra-jotzaileak. Irlandako doinu tradizionalek, biolinaren bidez, betetzen dute disko berri horretan leku nagusia, baina, beren musikaren berri ematerakoan pop-rock estiloan murgilduriko konposizioak zirela argitu zuen kantariak aurkezpenean.
Lan berriak, izan ere, ingelesez kantaturiko hamaika abesti berri biltzen ditu, eta abestietan zehar eguneroko bizimoduari loturiko gai minberatsu zein alaiak jorratu dituzte: amodioa, sentimenduak, krisi garaiko goibeltasuna, heriotza eta sortzea.
«Guretako disko berri hori hamar urtez eramandako lanaren bururapena da. Osoki guhaurrek ekoiztua dugu», gehitu zuen Earlek. Taldea, izan ere, Baionako Katy Deali's pubean egindako lehen emanaldi baten ondotik sortu zen.
Bederatzi urtez Euskal Herriko zein Estatu frantseseko hegoaldeko hainbat pub, jaialdi eta ekitalditan parte hartu dute. Disko berria aurkezteko zenbait hitzordu finkatuak ditu CEL3 taldeak. Horietan lehena gaur bertan izango da, Mauleko plazan. Bihar, Baionan iraganen den Musikaren Bestaren karietara horien doinuak Merkatuko plazan entzuteko aukera izanen da. Gero, ekainaren 27an, Senpereko jaietan ere izanen dira.