GARA > Idatzia > > Kirolak

KRONIKA XI. Euskal Selekzioaren eguna

Urrats bat hurbilago, oztopo eta muga guztien gainetik

Euskal herritarren gehiengoak euskal selekzioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan ikusi nahi ditu, baina hori oraindik ez da posible. Halere, oztopo eta muga guztien gainetik, eskubide hori egia bihurtuko den eguna urrats bat hurbilago dago. Lapurdiko Pausuko jaialdia da lekuko.

p034_f01_199x96.jpg

Pausutik -Behobiatik- pasatzen den errepidea autoz gainezka zegoen goizeko lehenengo ordutik. Asko, Lapurdiko kostako hondartzetara bidean ziur asko, uztaileko eguzki beroa lagun. Beste asko, berriz, Pausuko bestetako azken eguneko egitarauaren usainari jarraiki. Eta azkenik, ESAITen deialdiari erantzunez, XI. Euskal Selekzioaren Egunera mordoa. Bidasoa ibaiaren gaineko zubiak beti izan du nahikoa joan-etorri, baina atzokoa ez zen gutxiagorako.

Goizeko lehenengo ordurako prest ziren karpak, baita agertokia eta kamiseta saltokiak ere. ESAITeko Martxel Toledo, Ixiar Arratibel eta Pepe Turrillas goizetik Euskal Selekzioaren aldeko eguneko -hamaikagarrena, alajaina!- azken prestaketetan. Urte ugari daramatzate mezu eta lelo argia zabalduz: «Nazio bat, selekzio bat, federazio bat». Baina Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak meritu handiko balentria lortu du; izan ere, euskal herritarrak batzea lortu du euskal selekzioen ofizialtasunaren alde.

Hala, atzo Batasuneko Jokin Etxeberria eta EAko Euskadiko Batzorde Eragileko Euskara, Hezkuntza eta Kultura idazkari Jon Aritz Bengoetxea izan ziren bertan, besteak beste. Aralarreko, ABko, Euskal Herriaren Alde-ko eta Euskal Herria Bai-ko kideak ere bildu ziren, bai eta LAB eta HIRU sindikatuetakoak ere. Horrez gain, nahiz eta ELAko eta EHNEko ordezkaririk ez izan, atxikimendua azaldu nahi izan zuten eta horixe adierazi zuen bere hitzaldian ESAITeko koordinatzaile Martxel Toledok. ESAITen oholtzan mezu beraren pean batu ziren denak. Harrigarria, baina dena posible dela erakutsiz. «Gu ta gutarrak» soilik baino askoz gehiago.

Eskubidea dugu

Eguzki berotan, goizeko hamaikak aldera jaso zuten ikurrina, txalapartaren doinuak lagunduta. Agurraren ondoren, bertoko Odei Barroso bertsolariaren jarduna. Hiru bertsotan gauzak garbi utzi zituen, geroagoko mezuen indargarri. Aurreneko bertsoan «Gaur atzo baino gehiago baina / bihar baino gutxiago / beste pausu bat gehiago» bota zuen; arazoen lepotik bizi direnentzako mezu argia izan zuen bigarrenean; «Badira hiru federazio / bakoitza bere modura / urrezko txanpon batzuek sumatu nahian / haien bankuko kontura», eta azkenengoan mezu landuagoen gainetik hegan egin zuen amaiera paregabearekin: «Nahi dugu gure selekzioa / zurea eta nirea / badugu eskubidea».

Martxel Toledoren aurkezpenaren ostean, Hendaiako eta Urruñako herriko etxeen izenean Ixabel Etxeberria mintzatu zen, eta herria eta bere eraikuntza muga ororen gainetik jarri zituen. «Pausu auzoa oso berezia da, justu muga baten ondoan dago eta bestaldean beste Behobia bat ere badago. Muga horrek min ematen badigu, gainditzen ari garela esan nahi du. Halako egunak antolatuz, gure herria handiago egingo dugulako. Herria, selekzio bat; herria, federazio bat. Eta horretarako ESAIT».

Ixiar Arratibelek hartu zuen hitza azkenik. «Konpromisoak hartzeko garaia» iritsi dela berretsiz, aurkezpenari amaiera eman zion, jaialdiari hasiera emateko. Pausun adin guztietarako jai bizia izan zen hortik aurrera; herri bazkaria, herri kirolak, pilota, musika eta kanta uztartuz. Dena Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren izenean. Urrats bat hurbilago, oztopo eta mugen gainetik.

Arnaitz GORRITI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo