AIZKORA
Joseba Otaegi izan da Bigarren Mailako onena
J.L. | DONOSTIA
Ez zen ezusterik izan atzo Mendaron, eta Joseba Otaegik jantzi zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela. Honela, zizurkildarra Euskal Herrikoan zein Gipuzkoakoan maila nagusian izango da, Lasaren baja dela-eta, herrialdekoan ere aurten bertan parte hartu baitu.
Sei aizkolari aritu ziren atzo Mendaroko pilotalekuan, eta sekulako jendetza batu zen saioa ikustera, erabat bete baitziren harmailak. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.
Mugertza II.ak oso indartsu ekin zion lanari, eta lehen bi enborretan aurretik aritu zen. Hala ere, lan erdietara heldu aurretik, Otaegik gainditu egin zuen, eta zizurkildarrak amaitu zuen lehenengo, eta atzetik izan zen Mugertza II.a. Gero, Ugarteburu, Mugertza I.a, Zubizarreta eta Dorronsoro ziren.
Hortik aurrera gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Otaegik gero eta alde handiagoa hartu zuen, eta garbi zegoen garaipena nork eramango zuen. Lehia bigarren posturako zegoen. Mugertza gaztea apur bat bete egin zen, eta Ugarteburu gero eta hurbilago zuen. Azkenean Ezkiokoak bigarren postua eskuratu zuen, mutrikuarraren kalterako.
Ipar Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa ostiral gauean jokatu zen Hendaian. Bakoitzak lau 45 ontzako baino apur bat txikiagoak ziren lau enbor erdibitu behar izan zituen. Juanikotena jaun eta jabe izan zen, bigarren sailkatu zen Mailloti ia hiru minutu kendu zizkion. Horrela iazko arantza atera zuen.
Elizondon, berriz, Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatu zen. Saralegi gaztea zen irabazteko faborito, baina azkenean Kañamares III.ak jantzi zuen txapela, eta amaieran, gainera, minutu erditik gorako aldea kendu zion. Kañamaresek, lan bikaina egin zuen, eta hirugarren sailkatuari, Pellejerori, bi minututik gorako aldea kendu zion.
Jendetza batu zen Elizondoko plazan final hau zuzenean jarraitzeko asmoz. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituen.