GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Laukarizko Harria

Izeta II.a aurreko marka guztiak apurtuz nagusitu da

Aiako harri-jasotzailea jaun eta jabe izan zen, eta 134 kiloko harri baldarrari 20 jasoaldi eman zizkion bost minututan, iaz egindakoa lau jasoalditan onduz.

p044_f01_7574.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Izeta II.a sasoi betean dago. Aiarrak 24 ordu baino gutxiagotan bi txapel jantzi ditu, eta hori ez du edonork lortzerik. Ostiral gauean Azpeitian Egur Sporten Binakako Torneoa bereganatu zuen Goenatxorekin batera, eta herenegun eguerdian Laukarizko harri traketsarekin jaun eta jabe izan zen.

134 kiloko harri baldarra erabili behar izan zuten bost minutuko txanda bakar batean, eta aiarrak sekulako lana egin zuen. Tarte horretan, 20 jasoaldi eman zizkion, eta aise beraganatu zuen txapela. Iaz ere berak irabazi zuen, baina 16 jasoaldi emanda, beraz, lautan ondu zuen iazko marka.

Hortik aurrera gauzak askoz ere estuago ibili ziren. Eizmendik lortu zuen bigarren postua. Zarauztarrak ere lan ona egin zuen, eta harria 13 aldiz berdindu zuen bizkarrean. Hirugarren posturako, berriz, berdinketa egon zen. Izeta III.ak eta Urpek 12 aldiz jaso zuten harria, eta berdinketen kasuan egiten den moduan, arautegia begiratu eta bietan pisurik gutxien duen kirolariak aurretik amaitzen du. Kasu honetan Izeta bizkaitarra baino arinagoa denez, hirugarren amaitu zuen, eta Urpe geratu zen laugarren.

Hortik behera ere gauzak nahiko parean joan ziren. Bertiz ere lan bikainak eginda zetorren, baina oraingoan hamar jasoaldirekin konformatu behar izan zuen. Atzetik geratu ziren Urrutia Telleria eta Igoa.

Jokoak

Jokoetan ere final ugari izan dira asteburu honetan, bai Ipar Euskal Herrikoak, bai eta Gipuzkoakoak ere. Ipar Euskal Herrikoan, Mendiburuk irabazi zuen bakarkako zaku-lasterketa. 28 segundoko denbora egin zuen.

Lasto-jaurtiketan, Arbenboitz izan zen onena 21 jasoaldi emanda. Ingudearekin, berriz, Gerard Chotro nagusitu zen, ingudeari 79 jasoaldi emanda, eta taldekako zaku lasterketan, Beskoitze gailendu zen.

Gipuzkoan, berriz, lokotx-biltze txapelketa jokatu zen atzo Mendaron, eta Eneko Garmendiak jantzi zuen txapela. Lan guztiak 6 minutu eta 31 segundotan burutu zituen. Bigarren izan zen Larrañaga, eta honek zortzi segundo gehiago behar izan zituen bere eginkizun guztiak amaitzeko.

Eizmendi, bikain

Eizmendi gazteak ere lan bikaina egin zuen. 13 aldiz lortu zuen harria berdintzea, eta horrek bigarren postua ziurtatzeko balio izan zion zarauztarrari.

Berdinketa

Hirugarren postuan berdinketa izan zen Izeta III.aren eta Urperen artean. Honelakoetan, arautegiak bietan arinena gailentzen dela dio, eta aiarrak amaitu zuen hirugarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo