GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Tokiko.tv, euskarazko toki-telebistak sarean ikusteko ataria

Euskal Herriko txoko ezberdinetako tokiko telebistek badute dagoeneko Interneten euren ataria. Tokiko.tv helbidearen bitartez, albiste eta eduki guztiak euskaldun guztien eskura jartzea du helburu, horretarako tokiko telebistei beste erakusleiho bat eskainiz.

GARA | DONOSTIA

Tokiko elkarteak, euskarazko tokiko telebisten presentzia indartzeko, zerbitzu berri bat abiatu du sarean. Izan ere, Tokiko.tv webgunearen bitartez, gure bailarako albiste eta edukiak ikusi ahal izango ditugu munduko edozein txokotatik. Horrela, munduan zehar dauden euskaldun guztiei zerbitzu horixe eskaini nahi die atariak.

Tokiko, euskarazko toki telebisten elkartea, 2005. urtean sortu zen. Helburua sektoreari bultzada ematea izan zen hasieratik eta webgune hauxe da elkartearen azken emaitzetako bat.

Bertan sartuta zortzi telebista ikusi ahal izango ditu erabiltzaileak: 28 kanala, Erlo telebista, Goierri telebista, Goiena Telebista (GOITB), Oizmendi telebista, Ttipi Ttapa, Topagunea telebista eta Xaloa telebista, hain zuzen. Gainera, kategoria ezberdinak ere topa ditzakegu gaika banatuta. Esaterako, albisteak, jaiak, bidaiak, medikuntza, ekonomia, literatura, saskibaloia eta motorra azpisailetan sailkatuta dauden bideoak.

Lekukotasuna

Tokiko kazetaritzak eta telebistek onarpen handia dute gaur egun. Elkartearen esanetan, «albisteen tokikotasuna asko baloratzen da gure gizartean. Gure inguru hurbilean gertatutakoez dagoen kezka eta jakin-mina da tokiko telebisten arrakastaren gakoa».

Honetan ere, ordea, eskaintza mantentzearen zailtasun nagusia ekonomikoa izaten da gehienetan. «Eskualdeko biztanle kopuruari bakarrik zuzentzen zaizkio egiten diren lanak, baina ikusle kopurua oso urria da. Internetek gure lana mundu zabalari eskaintzeko aukera ematen digu».

Gainera, Tokiko.tv ez da telebista bakar baten ataria, «Euskal Herrian dauden euskarazko telebista guztien atari izan nahi duen honek, zerbitzu osoago eta egokiagoa eskaini nahi du. Telebista guztien batura baino gehiago izango da», adierazi zuten. «Plataforma honetan tokiko telebista gehiagori eta ikus-entzunezko ekimen gehiagori egin nahi diegu lekua. Baita ikus-entzunekoen zaleei eta, oro har, edukiak partekatzeko prest dagoen edonori ere. Euskaraz, noski».

Erabilerraza

Webgunera sartu bezain laster player edo leiho nagusi bat agertzen da. Bertan kargatzen da edukirik berriena, albistegi edo erreportajea. Nabigazioan behera eginez gero, une honetan dauden zortzi kanal nagusiak agertzen dira. Kanal bat aukeratuta, horretan ere player nagusia ageri da eta horrekin batera, azpian, kanalak eskaintzen dituen azpikateak eta kanal bakoitzak dituen beste azpikate bereziak; elkarrizketak eta saio bereziak, esate baterako.

GUZTIEN ATARIA

«Tokiko.tv ez da telebista bakar baten ataria. Euskal Herrian dauden euskarazko telebista guztien ataria izan nahi duen honek, zerbitzu osoago eta egokiagoa eskaini gura du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo