Euskal Herriko Laborantza Ganberak lan-eremuak zabalduz jarraitzen du
Ikasturtearen hasierarekin bat, Euskal Herriko Laborantza Ganberako ordezkariek atzo aurkeztu zuten datozen hilabeteetarako aurreikusi dituzten zereginak. Laborantza iraunkorra iparorratz hartuta, ohiko barne-lanez gain publiko zabalera begirako ekimen, hitzaldi, azterketa eta esperimentazio ugari prestatu ditu, baita orain artean ukitu ez dituen zenbait esparruetan ere. Begibistakoa da EHLGk gero eta lan-eremu anitzagoak hartzen dituela.
Arantxa MANTEROLA |
Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) ez du itxaron atzo Baionako agerraldiari lan-egitarau zabal eta eremu berriak hartzen dituenari ekiteko. Izan ere, joan den astean dagoeneko, Iholdin egindako jardunaldietan lan-esparru «berri eta garrantzitsua» aztertu baitzuten 120 bat laborarien partehartzearekin: belarraren produkzioa.
EHLGko buru Mixel Berhokoirigoinek adierazi zuen, «Ipar Euskal Herriko laborantzan sekulako lekua duen esparrua» dela, abereen bazkarako lur-sail gehienak belarratara bideratuak direlako. Laborariei belar analisiak doan egitea proposatu diete eta jardunaldian 140 belarren emaitzak aurkeztu zituzten.
Bestalde, lurra irauli gabe pentzeak ereiteko Suitzatik ekarritako tresna berri baten demostrazioa ere egin zuten. Berhokoirigoinek teknika horiek «oso interesgarriak» direla esan zuen, «batez ere gurean lur anitz mendian delako eta horietan lurra iraultzea zaila eta arriskutsua ere izaten delako».
Ura zaindu
Laborantza iraunkorraren bidean, aspaldi egiten diren landaketak zalantzan jartzeko ordunan ez du atzera egiten EHLGk. Hala, Amikuzeko eskualdean ureztatze handia eskatzen duen artogintzaren sistemari alternatiba bilatzeko asmoz, esperimentu berria egingo du Biduze errekaren ahalmenetara egokitu ahal izateko eta, bide batez, arto monokulturatik areago egin daitezkeen beste landaketa batzuk ere ikertzeko.
Errekekin segituz, iaz Errobiren inguruan egin zuten bezala, datorren ostegunean, Ahetzen, Uhabia ibaiertzeko etxaldeek urak kutsatzeko duten arriskuez egindako ikerketa aurkeztuko dute. Emaitzak azaltzeaz gain, kutsadura bakteriologikoak gutxiagotzeko proposamenak ere planteatuko dituzte bertan.
Urriaren 7an, berriz, Euskal Herri osoko eragileekin egun osoko gogoeta egingo dute Saran bildotsaren merkatuari buruz eta, zehazki, bertako arrazen kalitatea bermatze bidean, diagnostikoa egin eta elkarlana nola sustatu aztertuko dute.
Abendurako, laborari gazteen instalazioa laguntzeko etxaldeen diagnostikoa egiteko molde berria aurkeztuko dute. «Diagnostiko globala egitea biziki inportantea da instalatu aitzin. Gu prestatzen ari garen ereduak elementu ekonomikoak, sozialak, lurraldearenak eta baita ingurumenarenak ere hartzen ditu kontutan» esan zuen EHLGko presidenteak.
Ohiko hitzaldiak
Ekimen horiez guztiez gain, askotariko gaiak jorratzen dituzten hileroko hitzaldiek eta urriaren 30tik azaroaren 1era Lurrama erakustazokak osatuko dute lan-zerrenda.
Datorren urtarrilaren 16an EHLGren 5. urteurrena ere prestatzen ari dira eta, otsailaren 18an, elkartearen kontrako dei-epaiketa izango da Pauen.
Grebaren arrazoiak ulertzen baditu ere, EHLGk ez du jarrera ofizialik hartuko. «Gure zeregina laborantzaren garapen iraunkorra eta, hortaz, ez intentsiboa den heinean, nonbait bat egiten dugu esnearen liberalizazioa eta ekoizpen industriala borrokatzen dutenekin baina, gurea beste lan-esparrua da, ez sindikala» esan zuen Berhokoirigoinek.
Iragarri zuten moduan, grebari ekin dioten behi-esne ekoizleek hasi dira esnea herritarren artean doan banatzen. Iholdi izan da Ipar Euskal Herriko lehen herria, atzo esnetegietara eramaten ez duten esnea bertako pilota-plazan banatu baitzuten. Xan-Leon Pochelu Armendaritzeko abeltzainak «40 urteetan ez zuela horrelakorik ikusi» adierazi zuen bere behien esnea banatzen zuen bitartean.
ELB sindikatuko kide diren zenbait grebalarik ere astelehenetik goiti banatuko dute beren produkzioa, egunero, goizeko 11etatik 13tara Aierran, Irisarrin, Maulen, Senperen, Lekorne, Baigorrin, Donibane Garazin, Hazparnen eta Donapaleun. Herriko plaza, azokan edota herriko-etxeen aitzinean egingo dute banaketa. BABn (Baiona-Angelu-Biarritz) aste erdian beste bat egitea ere aurreikusi dute. Herritarrei ontziak ekartzeko eskatzen diete.
ELBk botere publikoei dei egin die «esnearen krisian inplika» daitezen. Prezio justuak finkatzea (litroko 0,40 euro aipatzen dute), ekoizpena egokitzea (besteren artean, europar kuota %5 jeistea) eta abeltzainek bere ekoizpena esnetegietara saltzera lotzen dituzten kontratuak ukatzea izango lirateke, laborarien sindikatuaren ustetan, berehala eta premiaz hartu beharreko neurri batzuk. A.M.