Jokoak Zazpi Herrialdeetako Txapelketa
Ikuskizuna eta lehia ziurtatuta daude Donezteben
Gaur, 17.00etatik aurrera, jokatuko da herri kirolen olinpiada. Hamar kirol desberdin ikusteko aukera izango da eta Nafarroa Garaia da faborito.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da gaur Doneztebeko plazan, 17.00etatik aurrera. Ordu laurden bat lehenago, ordea, taldeen aurkezpena egingo da, eta 19.30 aldera amaituko da ekitaldia.
Euskal Herriko zazpi herrialdeak bertan izango dira. Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Bizkaia, Zuberoa, Araba eta Lapurdi aurrez aurre. Lokotxak, txinga, zaku-lasterketa, sokatira, harri-jasotzea, ingude-altxatzea, orga-jokoa, lasto-altxatzea, trontza eta aizkora izango dira ikusiko diren kirolak. Txapelketa, hasi lokotx-biltzearekin hasiko da, eta amaitu berriz, aizkorarekin. Aizkoran eta trontzan, bakoitzak 10 minutu izango ditu lanak amaitzeko. Denbora horretan burutzen ez dituenari, amaitutzat emango zaio bere jarduna.
Herrialde bakoitza kirolaririk onenak eramaten saiatzen da, nahiz eta batzuetan faltako diren. Hala ere, kirol hauetako izar nagusiak bertan izango dira, eta ekitaldiak dotoreak izango dira, nahiz eta kirol batzuetan, batzuetatik besteetara, aldeak ikaragarriak izaten diren.
Floren Nazabal, Azurmendi edo Atutxa II.a bertan izango dira aizkoran. Harri-jasotzen Aimar Irigoien ere izango da Gipuzkoa ordezkatzen. Esnaola anaiak eta Barberena anaiak ere arituko dira trontzan Gipuzkoa eta Nafarroa ordezkatzen, beraz, izen garrantzitsu ugari izango da Doneztebeko plazan.
Betiko faboritoak
Faboritoei dagokienez, horiek betikoak izango direla esan behar da. Nafarroa Garaia da egungo txapelduna, eta beraiek aterako dira garaipena erdiesteko faborito nagusi. Horiekin batera Gipuzkoa eta Bizkaia ere faboritotzat jo ohi dira.
Garbi dago, une honetan hiru herrialde horiek besteen gainetik daudela, eta zaila izango da hiru horiek podiumetik kanpo ikustea.
Hortik atzera ere borroka izango da. Laugarren postuan Lapurdik amaitu zuen duela urtebete, eta berriro ere beraiek aterako dira faborito. Lapurtarrak gora egin dute herri kiroletan; garbi dago Ipar Euskal Herrian herri kirolak gora egin duela, eta hiru herrialde horietan Lapurdi izan da aurrerapauso handiena eman duena. Arabak, berriz, alderantzizko bidea eraman du, eta hor kirol hauek behera egin dute. Hori iaz ere ikusi zen.
Hala ere, laugarren postu hori bi talde horien artean egongo da. Hortik atzerako bi postuetan ere lehia gogorra espero da Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen artean. Iaz zuberotarrek aurrea hartu zieten, eta aurten ere horri eusten saiatuko dira. Bi talde hauek ez dituzte kirol guztietan lehiatzeko kirolariak eta, eta, hortaz, kirol batzuetan ez dute parte hartuko. Beraz, bi talde hauek zaila izango dute azken bi postuetatik ihes egitea.
Saioa Doneztebeko pilota plazan jokatuko da, eta sarrerak 10 euro balio du. Haurrek ez dute ordaindu beharrik izango. Eguraldi ona iragarri dutenez eta ikuskizuna ere ziurtatuta dagoenez, zaleek ere erantzun ona ematea espero da.