BILBO
Etxerat kriminalizatzeko asmoaren kontra agertu da ELA sindikatua
Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek Etxerat-en kontra epaitegietan aurkezteko asmoa duen txostena «ilegalizazioaren ataria» dela salatu zuen atzo ELA sindikatuak. Adierazi zutenez, Etxerat kriminalizatzearen helburua «presoen eskubideekiko elkartasunaren zergatia» iritzi publikoari «ezkutatzea» da. Bestalde, astelehen gauean Ertzaintza Bilboko Santutxuko Herriko Tabernan sartu eta presoen argazkiak eraman zituen. Biziarteko zigorra salatzen zuten kartelak eta orain 31 urte hildako Ricardo Gomez Ritxiren erretratua ere eraman zuten. Ataunen ere kalean zeuden argazkiak kendu dituzte. Atzo, presoen alde, 125 lagun elkartu ziren Arriagan.