GARA > Idatzia > Mundua

Amerikako estatuek ez dute Hondurasi buruzko adierazpen bateratua adostu

Amerikako Estatuen Erakundea (AEE) ez zen gai izan Hondurasi buruzko adierazpen bateratu bat onartzeko. Hamar orduz baino gehiago bilduta egon ostean, ez zuten Michelettiren Gobernuaren kontrako adierazpenik onartu barne desdostasunak direla-eta.

GARA

Honduraseko egoera larria bada ere, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEEk) adierazpenik onartu gabe amaitu zuen atzo New Yorken egindako ezohiko bilera. Gai-zerrendan, Roberto Michelettiren Gobernu kolpistaren azken erabakiak -AEEren ordezkarien kanporaketa eta setio egoeraren ezarpena-.

Hamar ordu baino gehiago eztabaidatzen eman eta gero, ez ziren gai izan Honduraseko Gobernuaren kontrako adierazpen bateratua adosteko. Izenik eman ez zuten iturri diplomatikoen arabera, desadostasun gehien eragin zuen gaia azaroaren 29rako deitutako hauteskundeak izan ziren. Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Bahamasek, Costa Ricak eta Peruk ez zuten argitu zein jarrera hartuko duten, hauteskundeei zilegitasuna emango dieten ala ez.

AEBetako ordezkariak, Lewis Amselemek, Michelettiren eta Zelayaren kontra egin zuen. Haren ustez, Zelayak «lider baten antzera jokatu behar du, akusazioak alde batera utzita».

Argentinako enbaxadore Rodolfo Hugo Gilek argi utzi zuen gobernu argentinarrak ez dituela kolpistek antolatutako hauteskundeak onartuko. Haren hitzetan, AEEk «mezu argia islatu behar du». Hondurasera joango den ordezkaritzak gauza bakarra negoziatu behar duela esan zuen; Manuel Zelaya agintera itzultzea. Guatemalak bat egin zuen eskaera horrekin. «Ez da soilik Zelayaren itzulera; aurrekaririk ez ezartzea ere bada», plazaratu zuen.

AEEren idazkari nagusia, Jose Miguel Insulza, Brasilgo enbaxada ez erasotzeko eta Argentina, Mexiko, Venezuela eta Estatu espainolaren estatus diplomatikoa errespetatzeko eskatzera mugatu zen. Beraien enbaxadoreak berriz bidali zituztenean, Michelettik ez zituen onartu.

erantzunak

Erresistentziarako mugimenduak protestak egiten jarraitu, eta parte hartzeko deia egin zuen. Bestalde, AEEko Giza Eskubideen Auzitegiak deitoratu zuen Hondurasen berme konstituzionalak bertan behera geratu izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo