GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Erreferendum bat eta hamaika esperantza

Berdintasuna frantziar errepublikaren zutabe nagusietarikoa bada. Berdintasunaren izenean ortzadarra Konstituziotik kanpo ezarri eta horren ordez gorri-zuri-urdin koloreetako mundua marraztu dute Hexagonoan.

Politika hori bukatzeko bidean dagoela uste nahi dute batzuek. Aspaldi itxita dagoen jauregian sartzeko gakoa balkoitik botatzeko prest ikusten dute nagusia. Nonbait gaztelua eraberritzeko egun jabeak burutzen dituen erreformek itxaropen berria piztu dute. Nork uka dezake esperantza?

Legeek bide berriak zabaldu ditzaketela entzuten dugu han-hemenka eta flokadun jauntxoak algaraka irudika ditzakegu jadanik horrelako aitorpenak entzunez. Kirtena ongi sartu dela aitzurraren begian pentsatuko dute arinkeriaz, agian.

Zoragarria litzateke herri nortasunari loturiko aldarrikapenak «normaltasun politikoaren» errailean doi-doi sartzea. Aldez aurretik, ordea, berdintasun errepublikarraren logika gainditu eta berdintasun demokratikoa horren ordez eraikitzea premiazkoa da hartu-eman eraginkorra plantan ezartzeko.

«Lege barruan dena da posible, kanpoan fitsik». Alabaina goiz euritsu batean Suprefeturaren sarreran utzi dituzte Batera plataformako hautetsiak... eta 32.000 hauteslek izenpetu eskaera-orriak patio hezeren batean!

Inork ez du itxaropena ukatzeko eskubiderik. Alta, keinu bat edo beste agertu arren, atzo eta gaur mespretxua izanen da Parisek Euskal Herrian proposatzen duen eskaintza bakarra.

Martinika eta Guyana ez direla Lozère edota Hauts-de-Seine departamenduak bezalakoak jabetu da Sarkozy. Ondoren, irletako biztanleak erreferendumean entzungo dituela iragarri du frantziar buruzagiak. Ez da gutxi.

Hitza eman aurretik, ordea, ez litzateke hobe hitza atxikitzea?

Antilletako herritarren bizi-baldintzak hobetzeko bidean engaiamendu oso zehatzak izenpetu zituen Eliseoko jaunak joan den martxoan. Dirulaguntzak eta soldata hobekuntzak onartu zituen. Hala ere, herritarren eskabide-orriek bide luzea egiten dute. Marseillako bulego batera bidali eta hantxe hartzen baitira Antilletako herritarren eskubideen gaineko erabakiak! Indigenen aferak Hexagonoan gelditzen direla ziurtatzea da, gaur atzo bezala, lehentasuna.

Horrexegatik, esperantza ukatu gabe, zuhurtziaz jokatzea gomendagarria izanen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo