GARA > Idatzia > Ekonomia

Seaskan eskolatutakoen gehiengoak humanitateen arloan egiten du lan

1984an lehen institutua ireki zuenetik 2008ra bitartean Seaskaren sarean bigarren mailako ikasketak burutu dituzten ikasleen ibilbide profesionala aztertu du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Gehienek humanitate arloarekin zerikusia duten ikasketak eta lanbideak aukeratu dituzte.

p027_f01_177x140.jpg

Arantxa MANTEROLA I

Ikastolak sortu zirelarik, guraso askoren ohiko kezka izaten zen seme-alabek frantsesa ongi ikasiko ote zuten eta ikasketa-maila egokia erdietsiko zuten. Berrogei urteotan Seaskak egindako ibilbideak frogatu du, ondo frogatu ere, bi alderdi horietan bederen, ez zutela arranguratzeko arrazoirik. Izan ere, frantsesa ikasten dute eta hezkuntzako beste sareetako ikasleen bezainbesteko maila akademikora ere iristen dira.

Baina, zer lanbide hautatu dituzte Seaskak eskaintzen duen ziklo gorena (bigarren mailako ikasketak) amaitutakoan? Hezkuntek eta Gaindegiarekin elkarlanean eta Eneko Gorriren gidaritzapean egindako ikerketan argi azaldu da gehienek letra eta gizarte-zientzietara jo dutela bai ikasketak jarraitzerakoan bai ogibidea aukeratzerakoan ere. Jasotako ia 500 inkestetatik ondorioztatu da %25 irakasle bilakatu direla; %9 osasungintzan eta gizartegintzan ari direla; %7 kazetaritzan; %5 soziologia, antropologia edota psikologia arloetan; %4 arteekin lotura duten ofizioetan, eta %1 zuzenbidean. Horrez gain, %5 merkataritzan, %3 laborantzan eta beste hainbeste ostalaritzan ari dira.

Arlo teknikoan, eskasia

Ikerketak azaleratzen du, bestalde, oso ikasle gutxik jo duela arlo teknikora. Soilik %3 dira ingeniari edo teknikari. «Zientzietan ona zenak medikuntza edo antzeko lanbideak aukeratu ditu, ez ingeniaritzak», azaldu du Ramuntxo Etcheberry ikerketa taldeko kideak. Halere, %4 ofizioetan ari da; hau da, zurgina, zizelkaria, margolaria... da.

Kategoria sozio-profesionalari so eginez, berriz, %39 enplegatua da; %24 koadroa edo goi mailako langilea; %9k bitarteko lanbidea dute; %7 enpresaburu dira; % 2 beharginak; beste horrenbeste laborariak, eta gainerako guztiak sailkatu gabeko kategorietan banatzen dira.

Ikerketan parte hartu dutenen %55 lanean ari da, gehienak lan-hitzarmen mugagabearekin. Nabarmentzekoa da %22k elkartegintzan egiten duela lan (%45ek sektore pribatuan eta gainerakoak publikoan).

Datu horiek egiaztatzen dute Seaskako ikasle ohiek hautatutako lanbideak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko lan-merkatuaren egoerarekin lotuta daudela. «Baina, baita ere, Seaskako ikasle-ohiak atxikimendu handia dutela euskal kulturarekiko eta lurraldearekiko», gaineratu du Etcheberryk. Ikasketen eskaintzari dagokionean, Seaskaren «hutsuneak eta akatsak detektatzeko oso baliotsua» direla ere azpimarratu du.

Ondorio orokorragoak ateratzeko ere balio izan du ikerlanak. Hala, Gaindegiaren ikuspegitik, hots, Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialaren sustapenaren aldetik, honakoa litzateke lehena: «Seaskaren lanari esker lehen aldiz euskaraz eskolatutako profesional multzo zabala dago Ipar Euskal Herrian». Ikastolek jasan izan behar duten oztopoak ikusirik, emaitza «garrantzitsutzat» jotzen du.

Alta, humanitateei lotutako ikasketa eta lanbideen nagusitasunari arriskuak ikusten dizkio. Joera horri jarraituz, ikasle-ohien artean «laster langabetu anda» izanen dela aurreikusten du Gaindegiak, eremu horretan lan-aukerak mugatuak direlako. Baina elementu horretatik harago, Ipar Euskal Herriko ekonomian industria-jarduerak bultzatzeko premia kontuan hartzen bada, esparru horretarako profesionalen falta kezkagarria da Gaindegiarentzat.

Ekonomia dibertsifikatu beharra

Gaindegiaren iritziz, turismoan, zerbitzuetan eta laborantzan oinarrituta dagoen ekonomia dibertsifikatzea «erronka» da Ipar Euskal Herriarentzat: «Gaur egun, Seaskatik igarotako ikasle gehienak ez daude trebatua erronka horretan laguntzaile izateko. Iparraldeko sare ekonomiko eta soziala sendotzeko joera sozialak sortu behar dira. Bertan bizi eta lan egiteko helburu argia duen giza-talde sendoa izatea inportantea da, baina baita sare ekonomiko eta sozialaren erronkekin inplikatu eta beren aldeko apustua egitea ere».

Horra hor, Gaindegiaren ustetan, Seaskak datozen urteetan duen parioa: «Euskaraz hezitako pertsonak etorkizunean Euskal Herrian euskaldun bizitzeaz gain jarduera ekonomiko eta sozialen muinean egon daitezen bide berriak asmatu eta jorratzea». Bide horretan, Hego Euskal Herria eremu zabala izateak eskaintzen dituen aukerak baliatzea lagungarri izan daitekeelakoan dago.

Lau ikasle ohietik hiru ipar Euskal Herrian ari da beharrean

Galdeketan mugikortasunaz ere itaundu dituzte Seaskako ikasle ohiak. Ikasketak jarraitzeko unean, %23 Ipar Euskal Herrian bertan geratu dira eta %11k, berriz, Hego Euskal Herrira jo du. Gehienak (%61) Estatu frantseseko hirietara joan dira.

Lanean ari diren hiru laurdenak Ipar Euskal Herrian ari dira; %12 Estatu frantsesean; %7 Hego Euskal Herrian eta gainerakoak Europan edo munduko beste herri batean.

Hego Euskal Herrian «aukera profesional egokia» izango balute, %38 prest lirateke bertara lan egitera joateko. Alta, lan bila dabiltzanenen artean %75ra igotzen da ehuneko hori. Hala eta guztiz ere, langabeen erdiak Ipar Euskal Herrian bilatzen du lana eta laurdenak Estatu frantsesean.

Euskararen erabilpenaz, berriz, galdekatutakoen %40k aitortzen du, bere lanean erabiltzen duen arren, ez dela lan-hizkuntza. Lagunartetik eta familiatik at oso gutxi erabiltzen dutela diote. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo