«Emandako hitza betetzeko» exijitu dio Hiru Sareta-k Mitterrand ministroari
«Deiadar» izenarekin larunbatean Baionan izango den manifestazioa sostengatu dute Hiru Sareta-k eta Ikas-Bi-k. «Adar-jotzea» amaitzeko eta agindutako hizkuntzen legea behingoz egin dezala exijitu diote Parisi.
Arantxa MANTEROLA
«Aski jo diguzue adarra, lege-esparrua behar dugu, ondoko belaunaldiei euskararen transmisioa segurtatu ahal izateko» adierazi zuten, atzo, Baionan, Hiru Sareta-ko ordezkariek, beren haserrea eta kezka azalduta Gobernuak agindutako legearen arrastorik ez delako.
Aurreko Kultura ministroak hitzemandako eta aurtengo martxoaren 9an ere, idatziz, Ministeriotik agindutakoa betetzeko premia nabarmendu zuten: «Hitza hitz, Frederic Mitterrand jauna. Larunbat honetan Euskal Herria karrikan izanen da zure mespretxuari ihardesteko».
Euskarazko hezkuntzako hiru sareak batzen dituen kolektiboaren iritziz, «euskarazko irakaskuntza eskaintzak ez dio inolaz ere erantzuten eskaerari, eta egin moldez aldatu beharra dago». Beren haurrak euskaraz ikastea nahi duten gurasoek «aukera berdintasuna» izan beharko luketela gaineratu zuten.
Hiru Saretak argi du euskaraz eta euskarazko irakaskuntza bideratzeko lege bat behar dela, baina ez horretarako bakarrik. «Zerbitzu publikoak, prestakuntza, arlo sozioekonomikoa, hedabideak, kultura... arautzeko ere beharrezkoa da», esan zuten, Baionan egitekoa den manifestazioan parte hartzera deituta.
Ikas-Biren deiadarra
Ikas-Bi ere mobilizaziora atxiki da, «erakundeen blokeoa deuseztatzeko Estatuaren esku-hartzea ezinbestekotzat» jota. «Eskualdeetako herritarren ahotsa eta Frantziako herrialde-hizkuntzak legez kanpo segitzea onartzen ez dutenen amorrazioa Pariseraino helarazteko garaia da» esan du, betiere, koofizialtasunaren eskaerarekin -«politikoagoa»- bat egin gabe.