Murillo gaztea, jainkoak gizaki egiten zituen artista konprometitua
Bartolome Esteban Murillo margolari sevillarraren lanak ez zuen hasiera batean onarpen gehiegirik izan. Baina pixkanaka hori aldatuz joan da, eta dagoeneko, dohain eta abilezia izugarriz beteriko artista izan zela aitortzen dute adituek. Bilboko Arte Ederren Museoan «Murillo gaztea» erakusketak 1640 eta 1655. urteen artean margotutako 42 obra biltzen ditu, sevillarraren trebetasun goiztiarra eta bere lehenengo lanen indarra agerian uzten duen bilduma.
GARA | BILBO
Erakusketa honek «artistaren bizitzan ezezaguna den garai bat ikertzeko eta bere obra goiztiarra koadro horiek egin ziren garaiko testuinguru sozialean kokatzeko» aukera eskaini diela adierazi zuen atzo Benito Navarrete irakasle eta erakusketako komisarioak -Alfonso Perez Sanchez irakaslearekin batera-. Duela bost urte Javier Viarrek, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, enkargatutako emaitza honek, «bere karrera piktorikoa naturalismoaren bidetik abiatu zuen artista bat» uzten du agerian, Navarreteren iritziz. Gaur hasi eta, urtarrilaren 17ra arte izango da bertan ikusgai.
Guztira 42 margolan dira, 1640 eta 1655. urteen artean margoturikoak, hau da, Bartolome Esteban Murillok (Sevilla, 1617; Cadiz, 1682) 23 urte zituenez geroztik egindakoak. Obra horietatik erdiak baino gehiagok atzerriko bildumetan dute bere jatorria eta hamasei, lehendabizikoz ikusi ahal izango dira Estatu espainolean. «Murillok bere ibilbidea Caravaggio bezalako artisten eskutik helduta hasi zuela ikusi dugu», gaineratu zuen Navarretek, «bere koadroetako protagonisten arima osoa biluzten du; ez ditu jainkotzen, ordea; gizaki egiten ditu eta zeruko itzal horiek lurreko argi izaten bukatzen dute azkenean».
Gutxi ikertutako garai bat aztertzeak hainbat ondoriorekin topo egitera eraman ditu komisarioak. «Hasieratik kalitate iraunkor batekin eta indar izugarriarekin pintatzen hasi zen artista bat izan zela deskubritzen lagundu digu erakusketa honek», esan zuen Navarretek, «heldutasunera iristerakoan bere konposizioek galdu egingo dute hasierako garra, hurbiltasuna eta naturaltasuna. Trukean, teknika mailan eta baliabide piktorikoetan aberastuko da».
Naturalismo holandarrak, batez ere Abraham Bloemaert ordezkari nagusi zuenak, artista gazte honengan izandako eragina ere agerian uzten da. «Bi urteren aldea bakarrik edukita, guztiz iraultzailea da nola hasten den Bloemarten obrak ezagutzen eta lehenengo naturalismo holandarraren teknikak atzematen».
Autorretratutik santuetara
Zazpi ataletan banatu dute erakusketa, artistaren eboluzioa hobeto antzeman ahal izateko. Lehenengoan, bere hasierako lanak aurkitzen dira: Autorretratu bat, bi birjina Santo Domingorekin eta bi Trinitate. «Indar handiko trazua eta bolumeneko konposiziorako eboluzioa ageri da, dagoeneko, obra hauetan», esan zuen Navarretek.
Sevillako publiko zabalaren artean ezagutzera eman zuen obrarekin jarraitzen du erakusketak. Desagertuta dagoen Sevillako San Frantzisko komentuko «Claustro Chico» dekoratzeko mihiseak egitea izan zen bere karrerako lehenengo enkargu garrantzitsuena, eta lan horietatik sei erakusketa batean elkarren ondoan lehenengoz Bilbon izango dira ikusgai.
Murillok gizartearekiko izan zuen kontzientzia erakusten duten obrak biltzen ditu hirugarren atalak. Ume eta agure behartsuak azaltzen ditu artistak bere margolanetan, eta hemen aurkituko ditugu Pariseko Louvre museoak utzitako «Eskale gaztea», edo «Irule zaharra» eta «Mutilak mahatsa eta meloia jaten» bezalako koadro ezagunak. Gainerako ataletan, Alemaniako Kasselgo museoak utzitako «Jose eta Putifarren emaztea» lana edo «San Pedro malkotan» (Arte Ederren Museorena) eta «San Jeronimo penitentea» (Sevillakoarena) ere aurkituko ditugu.
«Heldutasunera iristerakoan bere konposizioek galdu egingo dute hasierako garra, hurbiltasuna eta naturaltasuna. Trukean, teknika mailan eta baliabide piktorikoetan aberastuko da», azaldu zuen Benito Navarrete, erakusketako komisarioak.