GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

San Mames berriaren behin betiko proiektua aurkeztuta, ezer gutxi da behin betikoa

Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao eta Lakuako Gobernuaren ordezkari Manuel Salinero, Athleticeko eta BBK-ko zuzendaritzetako zenbait kiderekin batera, San Mames berriaren behin betiko proiektua eta maketa aurkeztera agertu ziren atzo, baina proiektu arkitektonikoaren nondik norakoak alde batera utzita, ez zuten ezer berririk aurkeztu. «Behin betiko» proiektu horretan ez dago behin betiko ezer. Ezta eraikinak zer erabilera izango duen ere, ez baitago argi -are gutxiago Lakuako ordezkariari eta Bilboko alkateari entzun ostean- nork eta nola kudeatuko duen San Mames berria. Atzoko aurkezpena proiektua saltzeko ekitaldia baino ez zen izan: proiektuak eragin biderkatzailea izango du hainbat sektore ekonomikotan, Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan. Baina hainbeste onura ekarriko dituen proiektua izanda, deigarria da ekimen pribatuak nolatan ez duen bere gain hartu. Izan ere, eztabaidak ez luke izan behar zer herri erakundek ordainduko duen, baizik eta zer dela-eta ordaindu behar duten herri erakundeek. Gauza bat da gizartean eragin onuragarria duten entitate pribatuei dirulaguntzak ematea, eta beste bat, oso desberdina, haien azpiegiturak ordaintzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo