Elena Martinez Rubio filosofian doktorea
Venezia, Kolkata, Disney
Gaurko Veneziak Kalkuta jendetsua ekartzen digu gogora. Zuzenagoa da, dena den, bengalerazko Kolkata izena erabiltzea. Gure belarriek, gainera, Golgota edo antzeko bat sumatzen dute hor. Kalbario-hiria baita Kolkata, kale gorrian dauden gizakume askorentzat.
Baina gustuko mendian aldaparik ez -omen-. Eta halaxe bihurtu zaigu Venezia, bere edertasun berezia eta guzti, Golgota eta gainbeheraren Disneyland baten arteko zerbait: izerdia, nekea eta itobeharraren lekua, gerturatzen diren turista gehienentzat.
Honen lekuko, mukuru beterik doazen vaporetto zatarrak, kanaletako ur kirastuak, tarteka Ganges, edo hobe Gangakoak bezain uherrak, jendez jositako kale ibilgaitzak, ordu luzetako ilarek sortu arnasestuak, zutik hartu beharreko otordu kaskarrak, eta abar.
Venezia, beraz: oinak babaz josirik dabilen gainpopulazio alderrai zorabiatuaren hiri txundigarria. Giza pot-pourri erraldoia, ingeles batua nagusitu den Babel garaitua, baita melting-pot delakoa ere, beharbada. Ez kultur desberdinen arragoa, hala eta guztiz. Nor bere taldean ibili ohi delako, ingurukoekin nahastu gabe. Bertako beroan bigundu, galdatu eta urtzen den bakarra gizena da, gantza, mamia. Venezian ibiltzen garen gizosteok ez baikara Kolkatakoak bezain argalak. Gose bai bagara ordea, maiz bidaien gose prefabrikatuagatik honaino helduak.
Veneziako biztanleria, hau da, aintzira handiko uharte-sarean bizi dena, erdira jaitsi da azken hiru hamarkadotan. Egun, hirurogei mila bizilagunek baino ez dute bizilekua bertan. Urtero hurbiltzen direnen kopurua aldiz, hogeita bi miloi baino gehiagokoa izaten da. Bisitariok, berriz, behin Venezia monumentalaren diru-hornitzaile hutsen mailara beheratuta, erdialdeko gune ikusgarri ospetsuenetan pilatzen dira, egonarri handiko erromes-parrasta bitxien modura.
Diotenez, Walt Disneyren zalantza edo buruhauste nagusietako bat zera izan zen: nola lortu Disneylandiako pizti bizigabeei, hots robotei, egiazkoen itxura osoa ematea? Gaur, hainbat urte geroago, bizidunak erabat hezita eta estandarizatuta ageri zaizkigun honetan, alderantzizkoa dugu irudikatzen zaila: automata tankerako ibiltari moldaerrazok gizaki burujabeak ere bagarela.
Programatzaile taldetzar batek programatu ote du turismo gogorraren makineria astun hau? Jakina, aspaldiko kontuak dira hauek guztiak, honez gero inori zirrararik eragiten ez diotenak, denontzat esan gabe doazenak. Munduan diren bidegabekeria eta pobrezia bezain arruntak, zentzugabeak nahiz egunerokoak, besterik ez.
«Oi ama Ganga... zure bidez zeruratzen gara... desager bedi ene gorputza, zure ur ertzetan bizi ondoren, zure ur garbietatik edan eta gero...», «Ramayana» sanskritozko epopeiako bertsoak ditugu horiek, duela bi mila urte baino gehiagokoak.
Ur sakratuak kutsatu egin dira bitartean. Moteldu bide zaio ur-jainkosari bere burua aldiro-aldiro garbitzeko eta indarberritzeko gaitasun miresgarria.
Lasai. Uxa ditzagun mamuak, mekanikoak barne. Hobe dugu baikor izatea. Hobe dugu Hannah Arendten pentsaerarekin bat egitea, jaioberri bakoitzak hasiera berri bat -itxaropen politiko bat, hain zuzen- gorpuzten duela sinesteko. Ez dagoela, alegia, gizakiak erabat moldatu eta mutatzerik. Hala ere, belaunaldiz belaunaldi zoologiko barruan sortu eta hazitakoek ez al dute askatasunarekin amets egiteko ahalmena ezari-ezarian galtzen, naturatik urrundu ahala?
Veneziarrak, bestalde, abegitsuak dira, jatorrak, zabalak. Aski da beste ezertaz jabetzea eragozten digun erle-zurrunbilotik pixka bat urruntzea poza hartzeko haien artean. Bertako gehienak bizi diren auzuneetara iritsi aurretik, alabaina, no man's land edo linbo bezalako bat zeharkatu beharko dugu. Ez ostatu, ez inoren egonlekua ez diren bertan behera utzitako eraikin hutsen ingurunea. Are hunkigarriagoa, urez baizik hurbilezinak ez diren etxeen aldera gauez begiratuz gero, argiteriarik gabeko ubide ilunetan barrena. Leihoetan ez da argi bakar bat ere piztuta egongo. Eta ezustean, mila ez-lekutara egingo digu ihes irudimenak.
Bidean aurrera egin eta bizia hautemango dugu laster. Autorik ez ibiltzeak gure baitan sortzen duen ustekabeko atseginaz ohartuko gara orain. Antzinako saltoki eta tabernekin egingo dugu topo. Toki zaharkituak, gozoak, xumeak. Han-hemenka, etxetik etxera paratutako soketatik arropak zintzilik. Eta umeak kalean jolasean, edo auzotarrak ur hegitik ur hegira veneziànez agur beroa egiten elkarri, eta bat edo beste bere ontzian hara-hona kanaletan. Herri giroa, hortaz. Ez Disneyland, ez Kolkata, ez Babel, ez Golgota.
Bizimodu honen geroa? Batek badaki. Veneziarrek, izan ere, filosofo idazle bat hautatu dute alkate: Massimo Cacciari. Pentsamendu politikoaren alorreko liburu askoren egilea, itzultzailea, editorea. «Politikaren izateko arrazoia askatasuna da» leloaren pean ematen den Hannah Arendt Sariaren irabazlea, besteak beste.
Bada, salba ditzagun veneziarrak. Hiriaren haragizko burmuina eta bihotza. Venezia ez dadila automatentzako dekorazio hutsa izan etorkizunean.