GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Bideak marrazten

Zer izango da? Bi beltz. Atera bi kriantza oraingoan. Bai, bai. Entzun dut beste preso baten ama Madrilgo ospitalera eraman behar izan zutela. Latza da batzuentzat hara jaisteak zer suposatzen duen ikustea, beste batzuekin alderatuz gero. Baina ez omen dago, ez, arazo politikorik gurean.

Jaitsi, astebururo zientoka jaisten dira halabeharrez. Eta igoko ote diren zalantza bilakatzen da askotan. Asteartean hamar izan ziren beharturik Madrilera jaitsarazi zituztenak. Eta ordu berean, bertan, plazer osoz Kongresuko lehoien alboan argazkiak ateratzen zebiltzan beste batzuk. Akaso orduan emango zizkien karrera motzean espezialista den ministro horrek ezker abertzalearen gaineko esplikazio aipatu horiek.

Baina gauzak zer diren, Polizia autoetako ilunetatik atera ziren irribarre horiek Madrilera jaitsi, eta bueltan 37.000 bilakatu dira. Eta bai, asteartean lehoiekin zebiltzanak ere han izan ziren. Nola ez dira bada etorriko? Ikusi al zenuen zer argazki izango zen osterantzean? Abertzale denak baturik eurak gabe. Lasai, ez amorratu, nagusiak ez zuen aurpegia eman -ja, ja, ja! Bai, bai, beste hura etxean egongo da bere semearen Real Madrileko kamiseta plantxatzen BBC ikusten duen bitartean ingelesa ikasten duela-, baina ikusi al duzu zer-nolako haserre, amorru eta urduritasunarekin altxatu diren espainolak? Maradonak, kazetariei baino, Madrilgoei esan behar zizkien hautsak harrotu dituzten adierazpen horiek!

Ez, lasai, ez dut utziko umorea lapurtzerik. Horrelako ministroekin ezin. Politika egiteagatik atxilotu eta espetxeratzen dutenean, Otegiri ez zaio ba zuzendu? Politika egin nahi badu ETA konbentzitu behar duela dio! Eta Garzonek ETAren tregoak lortu nahi izatea leporatzen dio! Horrela ezinezkoa umorea galtzea. Arrazoi duzu, munduko bizilagunik tontoenak tokatu izana da gure benetako drama.

Ondo diozu, esperientziaz, karrera motzean ez dela ezer lortzen eta herri honena ere maratoi baten pareko bidaia bat dela. Bueno, Mauri, nik hitza bete dut. Ez dizut idatzi gure artetik joan zarelako, zure egunerokoak, maratoilari onenaren ereduak, askori bidea marraztu digula gogorarazteko baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo