GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

EUROCUP

Lehiaketa txikian handirako txartela eskuratu nahi du

Bizkaitarrek emaitza on bat behar dute orain arteko bere partida guztiak irabazi dituen Donetsk taldearen aurka, BECen datorren astean aurrera egin ahal izateko.

p032_f03_148x104.jpg

BC DONETSK-BILBAO B.

J.O. | GASTEIZ

Euroligan sartzeko atea gero eta estuagoa den honetan, txapelketa nagusian sartzeko Bilbao Basketek balia lezakeen biderik eraginkorrena izan daiteke haren anaia txikia den Eurocup txapelketa. Iazko esperientzia aberasgarriaren ondotik -finalerdietaraino heldu zen- Euroligarako txartela emango liokeen lehiaketa irabazteko asmoz abiatu dira Txus Vidorretaren mutilak Ukraina aldera, lehen partida jokatzera.

Gainera, etxeko ligan jasotako azken bi porrotak, Baskonia eta Fuenlabradaren aurka, ahazteko era egokia izango da beste txapelketa bat jokatzen hastea. Dena dela, bizkaitarrek ez dute batere lan erraza izango denboraldi honetan jokatutako partida guztiak irabazi dituen Donetsk talde ukrainarraren aurka. Lehen helburua itzuliko partidarako emaitza on bat ziurtatzea izango da, datorren astean BECen fase erregularrerako txartela lortu ahal izateko.

Bizkaitarrak bezala, sortzez talde berria izanagatik, denbora gutxian asko sendotutako taldea da Lituaniako hautatzaile ohiak, Ramunas Batajustasek, zuzendutako taldea. Ikasturtea hasiz geroztik, Ukrainako ligan jokatutako lau partidak irabazi dituzte, baina agian oihartzun handieneko garaipena VTB Liga sortu berrian -talde baltikoak, errusiarrak eta ukrainarrak batzen dituena- lortutakoa izan zen, Sergio Scariolok zuzentzen duen Khimkyri -bizkaitarren iazko borreroak- 70-69 irabazi baitzioten orain gutxi. Bost garaipen hauetatik lau euren etxean lortutakoak dira, gainera.

Taldearen bi jokalaririk garrantzitsuenak bi estatubatuar dira, Perry Marque antolatzailea eta Chris Owens pibota. Horiekin batera, ACB eta NBAn aritutako Bruno Sundov erraldoia eta Tucker, Marsh eta Drovdoz ere kontuan hartzekoak dira.

Warrenek bidaia egin du

Bizkaitarren artean berririk positiboena Chris Warren eskolta estatubatuarrak gainerakoekin bidaitu izana da. Jokalariak ezin izan du azken bi partidetan jokatu, eta azken unera arte ez dute jakingo gaur jokatzeko moduan egongo ote den. Mumbru eta Moiso ondo ari diren bitartean, taldeak ezinbestekoa du Marko Banic suspertzea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo