GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marra gorrien gainetik ikasle eta abertzaleen eguna ospatuko dute etzi

Ingeleseko ikasgaiak euskarazkoak beharrean, klasera derrigorrez joan beharra, greba egiteko gurasoen sinadura behar izatea, kartelak jartzeko debekua... Garai berrietara egokitzen ari dira bai ikasleria bai ikasleen eskubideen urraketak ere. Aldiz, ohitura onak galdu behar ez direnez, larunbatean ospatuko dute Arrasaten aurtengo Ikasle Eguna ikasle eta abertzaleek.

p016_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Marra gorriak. Horiexek dira ikasleriaren buruhauste eta ikasle mugimenduaren borroka esparruak. Egunez egun ikastetxe eta fakultateetan ematen diren eskubide urraketa horien ondorioz, ikasleek pazientzia galdu dute, eta, hala, ikasturtea abiatu zenetik marra gorriak markatzen dihardute ikasle eta abertzaleek.

Unibertsitateko maila aldaketa gainean dago jada, zalaparta eta kritika handiak eragin dituen Bologna prozesua indarrean baita dagoeneko Euskal Herriko fakultate gehienetan. Aplikazioaren lehen une hauetan, Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduko kideak adi daude Bolognak ekarriko dituen urraketak markatu eta horiei aurre egiteko.

Ikasle Abertzaleak mugimenduko eledun Ainhoa Mendibilek argi du Bolognaren aplikazioa euskararen kalterako izaten ari dela, izan ere, ingeles edo gaztelerazko ikasgaiak kopuruz biderkatzen ari diren bitartean euskarazko aukera gero eta urriagoa da. Era berean, ikasleak klasera joatera derrigortzea salatu zuen, baita aldaketa guztiak ikasleen iritzia entzun gabe ezartzea ere.

Ikastetxe eta institutuetako ikasleak arduratuta daude euren eskubide demokratikoen egoerarekin. Izan ere, pil-pilean diren dekretuek gazteei erantzukizun eta zigor gogorrak ezartzen dizkieten bitartean, ez dituzte ikasleak eskubidedun subjektu gisa hartzen.

Egun 17 urteko ikasle ugarik greba egin ahal izateko gurasoen baimena behar dutela ere kritikatu zuen Mendibilek. Ikasle askok kartelak jartzeagatik zigorrak jasotzen dituztela ezagutarazi, eta ikastetxe atarietan indar polizialak egotea «eguneroko ogia» bihurtu dela salatu zuen. Mendibilen aburuz, eskubide demokratikoetan atzerapauso nabarmenak ematen ari dira, eta, «bat gehiago ere pasa ezin daitekeenez», marra gorriak markatzeko garaia dela defendatu eta Ikasle Abertzaleak mugimenduak ikastetxeetan dituen taldeak horretan buru-belarri ari direla jakinarazi zuen.

Mendibilek deskribatutakoaren arabera ikasleriak bizi duen egoera samurra ez izan arren, eten bat egin eta egungo marra guztiak ahaztuta etorkizunera egingo dute salto etzi, ikasturteko egun handia ospatuko baitute Arrasaten. Ikasle Eguna antolatu dute bertan eta festarako egitarau galanta prestatu duten arren, «geroa marraztera» doazela dio aurtengo leloak.

Azaroaren 17a data seinalatua da ikasleriaren egutegian, hori baita kolektibo honen nazioarteko eguna eta, beraz, borroka eta festa elkar uztartzeko parada bikaina eskaintzen baitu. Gurean, ikasle mobilizazio eta manifestaldiez gainera, Ikasle Eguna ospatu ohi da azaroarekin batera; hau da, ikasleen aldarrikapenen eta festaren elkargune nagusia.

Larunbateko Arrasateko hitzorduan ohitura zaharrak mantenduko diren arren, aurtengo hitzorduak baditu nobedadeak ere; horietako bat Ikasle Musika Maratoia da. Iaz estreinatu zen arren, aurten erabilitako parte hartze sistemak aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta, ondorioz, izena eman duten musika taldeen artean zozketa egin behar izan dute, izena emandako denek jotzea ezinezkoa zen-eta. Ekimenaren arrakasta ikusita, etorkizunean horrelako ideia gehiago indarrean jartzea aurreikusi dute, Mendibilen arabera parte hartze mota honek Ikasle Eguna «aberastu eta jantzi» egiten baitu.

Larunbatean ziurrenik meteorologiari ere aurre egin beharko dion arren, ikasleriak ez du aspertzeko betarik izango Arrasaten. Izan ere, goizean goizetik goizaldeko ordu txikiak arte egongo da ondo pasatzeko aukera aurtengo Ikasle Egunean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo