GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iker Sagastibeltza Mamarigako (Santurtzi) Kultur Etxeko kidea

Mamarigako Kultur Etxea burujabe

Zure geroa etengabe ezbaian jartzen dutenean nekatzen zara. Soilik bide bat egin nahi duzu, zeure bidea. Inork aldez aurretik markatu gabe, inork zure ordez erabakirik hartu gabe. Eta besterik gabe, bidea egingo zenuke burujabe.

Mamarigako Kultur Etxeari, aldiz, tai gabe betetzen diote bidea oztopoz, atseden hartzeko betarik gabe gure etorkizuna zein den adierazi nahi digute ezer galdetu barik.

Mamariga auzoak orain 20 urte haur eskola zena okupatu zuen kultur etxe herrikoi eta autogestionatua eratzeko. Harrezkero hamaika dinamika eta jarduera eder gauzatu ditugu: tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, antzezlanak, ipuin kontalariak, auzoarentzako lokalak, txokoa, bilera gelak, kaleko jaiak, literatura taldeak... Ahaztu barik auzoa biziberritzeko antolatu diren ekimenetan sutsuki parte hartzen dugula. Horren harira, duela bi urte Santurtziko Udalari bi eskaera zehatz egin genizkion Mamarigako zenbait taldek: auzoarentzako liburutegi eta erabilera askotariko gela bat, alde batetik, eta kultur etxea dagoen tokian eta duen funtzionamendu autogestionatuarekin bakean uztea, bestetik. Izan ere, boterean egon diren alderdi politiko guztiek sekulako plan aldrebestuak taxutu dituzte beti kultur etxe berezi hau desagerrarazi guran. Antza, kontrolpean ez dutena ez zaie atsegin, auzokoek beraiek kultura sortzea pasibotasunetik ihes eginez arriskutsua da lozorroan gura gaituen sistema batentzat.

Proposamen hori Udalari aurkeztu zitzaionetik, Mamariga auzoaren mesederako ari ginen kezka bat buruan: Mamarigak auzoko jendeak kudeaturiko kultur etxe bat daukanez, gure esku dagoen guztia egingo dugu berau babesteko, eta jakina, Mamarigak premia gehiago dituelarik hauei erantzun behar zaie... Baina auzoaren nahiak alboratzea erabaki dute. Udalak patxadaz esan zigun liburutegia eraikitzekoa den tokian beste ezer egitekotan zebilela, kultur etxe erraldoi bat nonbait... Santurtzin kultur etxerik ez dagoenean, beste bat dagoen auzoan egin nahi dute! Gainera, gu lehenak izango ginen honetaz guztiaz jabetzen. Izan ere, gurekin kontatuko zuten lehen unetik; badirudi nolabaiteko zor morala dagoela Kultur Etxearekiko azken 20 urteotan auzoari inork eman ez dion kultur eskubidea Kultur Etxeak eman diolako.

Eta beti bezala, Interneten bidez Mamarigan kultur zentro bat eraikitzeko deialdi publikoa egin dutela jakin dugu, hots, Santurtziko Udalak emandako hitza jan du. Bada, inork Kultur Etxeari ezer itaundu ez diola erreparatuta, demokratikoki diharduen asanbleak bere iritzia emango du: ez gara etxe honetatik joango hainbat kideren izerdi eta lanari esker eraberritua izan delako. Eta gure nortasuna den autogestioaren irizpideari irmo eutsiko diogu, hauxe baita gure etorkizuna.

Zer asmo du Udalak? Gu kaleratzekoa? Eraikin berri horretara gu joatea nahi dute ogi apurrak onartuz, edo Kultur Etxeak autogestioa alboratuz? Edo bi kultur etxe lehian ariko dira bi eredu kontrajarri bidetzat harturik?

Bakean lan egiten utz gaitzaten besterik ez dugu gura, ez gara inoren menpekoak eta ez gara izango. Kultur Etxeak marraztuko du bere bidea, aspaldi nagusitu zen eta. Ez ahaztu inoiz gorpuztu diren amets hauek guztiak okupazio batek bultzaturik agertu zirela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo