GARA > Idatzia > Ekonomia

Errenteriako ezker abertzaleak jazarpen kasuak ikertzeko udalbatza eskatu du

p028_f02_091x079.jpg

Amaia ZURUTUZA

Errenteriako Udaleko ezker abertzaleko sei hautetsiek ez-ohiko udalbatza egiteko eskaera aurkeztu dute Udaleko langile ohi batek jasandako jazarpen egoeran izandako ardura politiko eta teknikoak argitzeko helburuarekin. Sei hautetsiek Udaleko hautetsi guztien laurdena osatzen dutenez, alkateak hamabost eguneko epean ezarri beharko du udalbatza egiteko eguna. Bestela, hamabost egun horiek iragan eta hamar egunera egin beharko dute.

Ezker abertzaleak Errenteriako Udalaren aurkako hainbat epaitan oinarrituta egin du eskaera hori. Izan ere, eta GARAk pasa den urriaren 25ean argitaratu zuen moduan, Udaleko bi langile ohiek lanerako betiko ezintasuna dute gaur egun, eta biak lan istripuz gaixotu zirela ebatzi dute epaitegiek, zehazki, lanean jazarpena jasan zutela-eta. Era berean, hirugarren epai batek isun ekonomikoa ezarri dio Udalari -60.000 euro ingurukoa-, bi langile horietako batek egindako «prestazioen errekargu» eskaera onartuz, eta jazarpenean Udalak izandako ardura berretsiz. Honen aurrean, ardura politikoak, baita teknikoak ere, argituko dituen ikerketa batzordea sortzeko proposamena aurkeztuko du ezker abertzaleak ezohiko udalbatzan.

Izan ere, gisa honetako «jokabide kaltegarriak» ezin direla erakunde baten izenaren atzean ezkutatu aldarrikatu zuten atzo prentsa agerraldian. «Ez dezala inork pentsa inpunitatez joka dezakeenik erakundeari errua botaz», esan zuten. Gainera, «izen eta abizenak dituzten Udaleko arduradun batzuk» 60.000 euro inguruko kalte ekonomikoa sortu dutela salatu zuten.

Beraz, arduradun zehatzak zeintzuk izan diren argitu nahi du ezker abertzaleak, eta pertsona horien jarrerak ondorioak izan ditzan. Beste alderdiek ere jokabide «onartezin» hauek argitzeko nahia izango dutela uste dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo