Andres Osa «Sakona» Pedagogia lizentziaduna
Eskolak euskaldundu
Sarrera gisa, gogoraraziko dugu Derrigorrezko Hezkuntza burutu ondoren, ikasleek euskara eta gaztelera, biak ofizialak hemen, ongi menperatuta irten behar dutela; Gernikako Estatutuak dio hori eta guk gauza bera diogu. Baina helburu hori lortzeko bitartekoak ipintzen ez badira, aitortu beharra daukagu asmoak ustel bihurtzen direla. Izan ere, euskara naufragoa da, ito zorian dagoena, eta gaztelera itsaso barean kruzeroan gozo-gozo dabilena. Honen baieztapena agerian dago, euskal mapa aurrean dela, eman begiratu bat euskal hiztunen kopurua non kokatzen den eta atera ehuneko zenbat diren euskal hiztunak, Hego zein Ipar Euskal Herrian. Eta panorama zabaltzeko, eman begiratu bat egun hauetan eredu bakoitzean eta probintziaka ume kopurua zenbatekoa den, beldurtzekoa (GARA, 2010eko otsailak 1).
Lerro hauetan pare bat gauza markatu nahi genituzke. Alde batetik, eskola dela euskararen etorkizuna bermatzeko gune nagusia eta ia-ia bakarra. Eta, beronekin zerikusi osoa izanik, erakunde eta enpresa publiko zein pribatuetan euskararekiko exijentzia zorroztu behar dela. Uztarketa hau posible izateko ezinbestekoa da informazio serio, zuzen, iraunkor eta positiboa herritar orori eskaintzea.
Hizkuntza ereduen eraginkortasuna nolakoa da? A ereduak ez du balio. B ereduak ere ez du balio eta, gainera, gurasoentzat engainagarria bihurtzen da. D eredua da, zorroztasunez aplikatuaz, helburua betetzeko balio duena. Unibertsitate zein Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz ematea ezinezkoa da aurreko ikaskuntzak euskaraz egin ez badira.
Lanbide Heziketa euskalduntzea premiazko da. Baina ikusten da Derrigorrezko Hezkuntza burutu ondoren A eta B ereduetako neska-mutilak Lanbide Heziketan A eredura pasatzen direla, eta baita D ereduko mordoxka handi bat ere. Ondorioz, Lanbide Heziketako ikasketak gazteleraz egitera behartuta daude.
«Lan eskaintza publikoan 4.261 langiletik %20ri soilik eskatuko diete euskara jakitea lanpostua lortzeko» («Berria», 2008ko azaroak 4). Gaurko Administrazioak hori ere ez, dirudienez. Euskararen balioa «meritua» besterik ez da. Ezerezaren mailan.
Herriarekin harreman zuzena duten sektoreak, Osakidetza eta Ertzaintza, adibidez, zertan dira? Barne sailburu batek esan zuen: «Orain ertzainak lanean jartzea da lehentasuna, gero euskaraz ikasaraziko diegu». «Gero» hori inoiz ez da iritsi. Orain okerrago.
Aspalditxoan euskararen aurka doazen ideia eta pentsaera aski salagarriak nabaritzen ari dira. Elebitasun integrala, hots, Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzak berdin indartzea eta horrelako kontuak. Erne! Euskal herriko biztanlea konkretua da, elebakarra edo elebiduna. Hizkuntza bat bakarra duenak gazteleraz soilik daki. Euskal hiztuna, ordea, elebiduna, salbuespenak salbuespen. Ondorioz, Euskal Herri elebiduna nahi badugu, elebakarrek eman beharko dute urratsa. Eta hori egia bihur dadin, bitartekoak ipintzea derrigorrezko baldintza da. Ez gaitezen konformatu hau esanda: «Euskara ez da galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Oso polita eta borobila da, baina gaur egun besteak du lehentasuna.
Sarritan, maizegi zoritxarrez, akats edo gabezia handi eta larri batean erortzen gara, hots, jendeak aski informazio jaso duela uste izatea. Matrikula garaian gaude. Zer mezu helarazi behar zaie erdal gurasoei? Haurrek, batere bortxatzeke, bi hizkuntza, hiru eta gehiago ere ikasteko gaitasunik badutela. Era normalean, naturalean. Ikasketa atsegina, euskararekiko erakargarritasuna, grina eta maitasuna sortuz, bide hori ezinbestekoa baita gero erabilera bermatzeko.
Elebiduna izatea elebakarra izatea baino aberatsagoa dela esan behar zaie. Euskaraz ikasteak gaztelaniari berari ere mesede handia egiten dio. Horrez gain, herritar guztiekin komunikatu ahal izateak dakarren aberastasuna balio gehigarria da.
Kultura alorrean, integrazioaz sarri mintzatzen gara, baina tamaina batean denek barneratu behar dute bizitzeko egokitu zaien herriko kultura. Era horretara norberak dakarren kulturaren jabe ere naturaltasun handiagoarekin egingo da. Izan ere, kultura da gu gaur eta hemen dauden arazoei erantzuten ahalegintzea. Gauzak horrela, inor ezin da bazterrean laga.
Gaztelera ama hizkuntza duenak ongi baino hobeto babestuta dauka Euskal Herrian, eta euskara ikasten duen heinean, indartua eta aberastua izango du jatorrizko hizkuntza. Euskara ikasteko onura begi bistan jarri behar zaie, eta hori ez da doktrinatzea, integrazio sanoa lortzeko bide zuzena baizik.
Horrela segi dezakegu lan pedagogikoaren arrastoan euskara ikastearen alde onak, txarrik ez baitu!, etengabe azaltzen.
Esan dugu A eta B ereduek ez dutela balio irakaskuntza euskalduntzeko. D ereduak ekar dezake Estatutuak agindu eta herriak eskatzen duen helburua betetzea. Honekin ez dugu esan nahi A eta B kendu egin behar direnik, ezinezkoa da oraingoz eta une honetan gure helburuen kontrakoa bihur daiteke. Eredu positiboa, emankorra, azpimarratzen, goraipatzen, zabaltzen eta indartzen saiatu behar dugu. Ezagutza zuzena eta ahalik zehatzena har dezatela. Gurasoak abertzaleak ez izan arren, seme-alabak euskaraz ederto mintzatzen direla ikusita harro sentitzen dira. Horrelako kasuak ugari ikusi ditugu.
Gatozen bada urrats batzuk ematera. Ikasturte osoan zehar egin behar da goian aipatu ditugun puntuen plazaratzea. D ereduaren aldeko mezua etengabe zabaldu behar da; ongi, garbi, xamur eta gozo egindako mezua izan behar du.
Goian aipatu ditugun euskararen balioak eta ontasunek etengabeko presentzia izan beharko lukete erakundeetan. Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek badute esparrua eta zeregina, orain arte ezer gutxi egin badute ere. Informazio garbia, zuzena eta egiazkoa herriari barreiatzea, hori da euskararen alde zintzo jokatzea.
Bide honetan egoera guztiak baliatu behar dira. Etorkinen munduan nola edo hala informazioa sartu. Herrian dauden elkarte, txoko eta erakunde guztietara mezu argia eta zuzena eraman. Familia bakoitzera iritsi. Bestetik, A eta B ereduak erabiltzen dituzten ikastetxeetan bide antzu hori laga eta benetakoa har dezaten animatu.
Merkataritza etxe eta lantegietan jendea hartzeko euskarari lehentasuna eman. Jokabide hori txalotu eta plazaratu. Gauza bera alderdi politiko, sindikatu eta giza antolakuntza orotan, euskararen presentzia bultzatu eta arduragabekeria salatu...
Goian esan duguna: eskola, gizartea eta informazioa etengabe eta aspertzeke landu.