GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guraso bananduek haurren zaintza partekatua izatea bultzatzeko ekimenak

La Terraza elkarteak Arartekoari gutunak bidali dizkio umeen zaintza partekatuaren alde egin dezan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ere ekimen bat aurkeztu du alderdi politikoen babesa jasotzeko.

GARA | BILBO

La Terraza guraso bananduen elkarteak Estatu espainoleko Dibortzioaren Legea Europako herrialde aurreratuetan aplikatzen den legearen maila berean jartzeko eskakizuna egin du. «Estatu espainolean edo frantsesan dibortziatuz gero, eskubide ezberdinak eskuratzen dira, adibidez, umeen zaintza partekatzearen inguruan», eta elkarte honen aburuz, egoera hau «bidegabekoa» da.

Umeen zaintza partekatua da, beraz, elkarte honen helburuetako bat. Xede hori lortzeko asmoz, gutunen bidez Arartekoarekin kontaktuan jarri dira eta Bizkaiko Batzar Nagusietan arauz besteko proposamena aurkeztu dute. Ekimen honekin, alderdi politikoen babesa jasotzeaz gain, alderdiei eskatu diete Espainiako Gobernuak Dibortzioaren Legea alda dezan egin beharrekoak egiteko.

Zentzu honetan, Euskal Herriko udaletxe guztietan mozioak aurkeztuko dituzte. Mozioetan gogoraraziko dute udaletxeek bizi esparru guztietarako berdintasunaren aldeko gutun europarra sinatu dutela, eta «dibortzioa ere horren barnean sartzen da», azaldu zuen Javier Crespok, La Terraza elkarteko ordezkariak.

Finlandia, Danimarka, Estatu frantsesa, Italia eta gisako herrialdeek garatutako legeek zaintza partekatuaren kontzeptua barne hartzen dute. Cresporen esanetan, ama eta aitaren artean adin txikikoekin egon beharreko «denbora zuzen partekatzean datza» kontzeptu hori. Txikiengan eragina izan dezaketen erabakiak hartzeko gurasoek elkarrekin adostu beharra ere arautzen du Europako herrialde batzuetako dibortzioari buruzko legeak.

Estatu espainolean, denbora luzea ematen dute berdintasunaren gainean hitz egiten, alta, dibortzioari dagokionean «ez da aurrera egiten eta ulertzekoa den aldarrikapen zentzudun bati buruz ari gara hitz egiten», adierazi zuen Javier Crespok.

Hala ere, Estatu espainolean 2005ean aurrera ateratako Dibortzioaren Legeak dioenez, zaintza partekatua soilik gurasoak hala adosten dutenean onartuko da. Cresporen ustez, «liskarra» eragiten du honek, izan ere, gurasoak banatzen direnean, bakoitzak bere abokatuaren laguntzaz bere interesen aldeko «borroka» hasten du umeen zaintza lortzeko, eta bide batez ere, etxebizitzaz eta elikagaien pentsioaz jabetzeko.

«Bi pertsona dibortziatzen direnean, gorrotoa eta frustrazioak pizten dira, eta bietako batek, amak edo aitak, botere gehiago eskuratzen duenean nahi duena egin dezakeela uste du», argitu zuen Juan Sanz de la Mazak, elkarteko beste ordezkari batek.

Salaketa faltsuak

Bestalde, La Terraza elkarteko ordezkariek ere aditzera eman zuten zenbaitek dibortzio prozesua azkartzeko, indarkeria matxista pairatzen dutela asmatzen dutela. De la Mazak eta Crespok salaketa faltsu hauek gogor kritikatu zituzten.

Batzuetan abokatuak beraiek izaten dira emakumeak bultzatzen dituztenak halako salaketa faltsuak egitera. Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeenganako jarrera «maltzurra» izateaz gain, epaitegietan landu beharreko beste kasu garrantzitsu batzuk oztopatzea besterik ez dutela eragiten nabarmendu zuten Crespok eta De la Mazak La Terrazako ordezkariek.

batzar nagusiak

Arartekoari zuzentzeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusietan arauz besteko proposamena aurkeztu dute alderdi politikoen babesa jasotzeko helburuarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo