Ixabel Etxeberria Irakaslea
Udaberri esperantzagarria
Datorren asteetan sekulako lana izanen dugu. Izan ere, gure eremua txikia bada ere, frantses Estatuak dituen proiektuen aurrean gogoeta eta proposamen ugari azaldu zaizkie herritarrei. Laborantza Ganberak, bildu duen sostengu guztiarekin batera, borroka itzela eraman du, eta garbiki erakutsi Estatuak herritarrek bultzatzen duten antolaketen desegiteko lege ahalmenak bururaino eramanen dituela, nahiz eta denen aurrean arrazoirik gabeko argudiaketa erabili. Dena errana izan da Laborantza Ganberaren borrokari buruz, falta dena da Estatuaren erantzuna. Ea, frantses Estatuak demokraziari espaziorik utziko al dio?
Beste erronkarik ere badugu. Hasteko, EH Bai kanpainarena, esplikatzeko, konbentzitzeko, abertzaletasunak benetako erantzunak, benetako proposamenak badituela herri honentzat, garapenerako indar bultzatzaile bakarra abertzaletasunaren ildotik heldu dela. Ez da erronka erraxa, kanpaina politikoetan abertzaleek duten agertzeko ahalak ez baitu UMPk eta Alderdi Sozialistak beren mezuen hedatzeko duten ahal maila bera. Kanpaina honetan, gure eremuan, Estatu mailako alderdiek jarriko duten diru zama itzela izanen da abertzaleek dituzten baliabideen ondoan. Berdeak barne!
Horrez gain, AHTri buruzko iritzia agertuko da, Bateraren galderari buruz bezala. Une inportantea indar militante handiak eskatuko dituena. Eremu txiki honetan egin behar den lanak militantzia indar handia eskatzen du. Horretan ikusten dugu lurralde honen bizitzeko nahikeria, frogatzen da Estatuak zabaltzen dituen diskurtsoak ez direla hain erraxki irensten, espiritu kritikoa bizirik dagoela. Estatuaz ez gara fidatzen, iruzurra egiteko gai baita. Herritarrak adi eta erne daude erasoak anitzak baitira.
Bestalde, euskal militantziak duen ausardiak ez du deus ikustekorik tokiko jaunttoek dutenarekin. Izan ere, Lamassoure jauna Xiberoko ikastola bat bisitatzera joaten delarik, kazetari talde batekin, zur eta lur gelditzeko arrazoi guztiak ditugu. Ez ginateke menturatuko! Duintasunak, gezurrak esanahia dute oraindik guretzat. Lamassoure jaunak, bere aulkiaren atxikitzeko jauzi handiak egiten ikasi du eta «Toubon Legea» bultzatu ondotik, euskararen alde lanean ari den ikastolan euskararen lurperatzeko lan gehien egin duen parlamentari garaikidea azaldu da harro eta iraingarri. Hau mespretxua, hau gutxiestea! Jendetasuna ez da denei emana!
Herrietan antolatuko diren kontsultek argudio gehiago emanen dituzte herritar mugimenduen eskura. Herritarren nahikeriaren errespetua aldarrikatzeko une garrantzitsua izanen da, politikariek eta prefetaren bitartez Estatuak hedatuko duten beldurrari erantzuten jakin beharko da. Baina EH Bai koalizioak ezker abertzaletasuna bilduz interes berezia sortzen du, elkarlanari lehentasuna eman behar zaiola ulertua izan dela erakusten du. Horrek gerorako esperantza handia ekartzen digu.
Hauteskunde kanpaina, AHT, Batera, eta ondotik, berehala, Aberri Eguna. Udaberri lanpetua, debate anitzekin baina dudarik gabe esperantzagarri!