Manifestazio jendetsua egin dute Hernanin, ikastetxeen fusioa salatzeko
GARA | HERNANI
Hernaniko Langile Ikastolako ikasle, irakasle, guraso, ikasle ohi, eta oro har, herritar ugari batu ziren atzo eguerdian Lakuako Hezkuntza Sailak «inposatu» duen ikastetxeen fusioa salatzeko; izan ere, Isabel Celaak gidatzen duen sailaren asmoa da Hernaniko DBHko zentro guztiak batzea datorren ikasturterako.
1.500 pertsona batu zituen manifestazioak, eta amaieran bideo emanaldi bat egin zuten, bertan ikasle ohi batek, irakasle batek, guraso batek eta egungo ikasle batek hartu zutela hitza. Denek bat egin zuten Langile Ikastolaren proiektuarekin, eta Hezkuntza sailburuak ezarri nahi duen inposizioari aurre egitera dei egin zuten. Beste bi ikasle ohik bertsotan agertu zuten ikastolarekiko atxikimendua eta eurak izandako aukera euren seme-alabek ere izan dezaten desio dutela kantatu zuten.
Asteburu honetarako prestatutako protesta ekimenei amaiera emateko azken manifestua irakurri zieten bertaratutakoei. Honetan, orain berrogei urte Langile Ikastolako proiektua abian jarri zutenen kemena nabarmendu, eta haien lekukoari tinko eusteko asmoa erakutsi zuten, «proiektuan eta egunero eskola honek herriari emandako kapitalean» sinesten dutelako.
Sorreran finkatutako balore eta identitate ezaugarriak mantendu dituztela ohartarazi, eta «gizartean aldaketak izan badira ere, horrela jarraitu eta jarraituko» dutela adierazi zuten: «2-16 adin tarterako hezkuntza proiektu sendo eta sinesgarria dugunez, gureari eutsiko diogu». Herritarrek aukeratzeko eskubidea dutela uste dute eta horretarako aukera desberdinak izatea ezinbestekoa dela.
Celaari ardura eskatu diote
«Gogoa, ilusioa, maitasuna, inplikazioa eta seme-alaben hezkuntzarekiko ardura» dutela esan, eta ardura bera izateko eskatu zioten Celaari: «Interes ekonomizistak eta politikoak alde batera utzi eta babestu gure eskola publiko, sendo eta parte-hartzailea».
Bezperan, hogeita lau orduko itxialdia hasi zuten ikastolako egoitzan. Orotara berrogei bat lagunek pasa zuten gaua bertan, baina egunean zehar ikasle eta gurasoan joan-etorria handia izan zen.