GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren lanengatik itxitako bidea berriz ere zabaltzeko eskatu dute Aramaion

p017_f03_111x111.jpg

GARA |

Aramaioko bizilagun gehienek A-2620 errepidea erabiltzen dute Arrasatera joan-etorrian ibiltzeko. Urtarrilaren 30az geroztik, ordea, ibilbidea aldatu behar izan dute, AHTren lanek egun horretan eragindako lurjausiak direla-eta errepide hori itxita dagoelako. Besterik ezean, Azkoaga, Zabola, Untzilla eta Suñatik doan bide traketsagoa erabili behar izaten dute orain.

Egoera horren aurrean hainbat bizilagunek protesta egin zuten atzo, azken asteburuetan bezalaxe. Ia ehun auto elkartu ziren karabanan, traktore baten atzean eta bizilagunek egunotan halabeharrez erabili behar duten errepidetik igaro ziren. Aramaiotik abiatu eta, Aretxabaleta eta Arrasate igaro ostean, berriz ere abiapuntura iritsi ziren protestan parte hartu zutenak.

Euren esanetan, arazoa sortu zenetik, administrazio ezberdinek ez diote inolako erantzunik eman Aramaio herriak sufritzen duen isolamenduari. Bereziki nabarmendu zuten Kuatrobientos baserriaren egoera, errepidearen itxierak «bertan bizi den familia osoa isolatu eta inolako irtenbiderik gabe» utzi duelako.

Bizilagunen esanetan, ordea, lanen arduradunek aurreikusi behar zuten gerta zitekeena, «bistakoa zelako», eta beraz, arazoa konpontzeko irtenbidea ere aldez aurretik prestatua izan behar zutela uste dute.

Beraien esanetan, aukeran jarri duten saihesbidea ez da egokia, besteak beste, «zabalera txikia, bide-zoru labainkorra eta bihurgune arriskutsuak dituelako». Horren frogatzat jo dituzte azken aste hauetan bertan izandako istripuak.

Bizilagunen ustetan, itxirik dagoen errepidea zabaltzea da konponbide bakarra, nahiz eta susmoa duten administrazioek aipatu saihesbide hori egokitzeko asmoa dutela «Untzilla eta Zabola arteko bide zatian lanak egiten hasi direlako».

Halaber, hartutako erabakien gaineko informazioa herritarrei ahalik eta azkarren helarazteko ere eskatu dute, orain artean ez dutelako inolako azalpenik jaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo