Atungorria merkaturatzeko debekua ezartzeko proposatuko du gaur EBk
Europako Batzordeak atungorria merkaturatzeko debekua babes dezatela eskatuko die gaur 27 estatu kideei. Iaz ere saiatu zen EB debeku honen aldeko jarrera lortzen, baina Estatu espainola, Estatu frantsesa, Italia, Malta, Grezia eta Zipre aurka azaldu ziren. Orain, ordea, Estatu frantsesa eta Italia debekua defendatzeko prest azaldu dira. Euskal Herriko arrantzan kalte handia eragingo lukeela esan du Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako lehendakariak.
Amaia ZURUTUZA |
Europako Batzordeak (EB) atungorriaren (hegalaburra, zimarroia) nazioarteko salerosketa debekatzeko proposamena babes dezatela eskatuko die gaur Europar Batasuneko estatu kideei. Izan ere, Mehatxatutako Espezieen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Konbentzioa (CITES) datorren hilean bilduko da Qatarreko Doha herrian, eta besteak beste, hegalaburra «I. eranskina» delakoan sailkatu ala ez aztertuko dute bertan. Sailkapen hori egokitzea, praktikan, arrain horren salerosketa debekatzea izango litzateke. Zehazki, Europako Batzordearen asmoa da konbentzio horretan Europar Batasunak defendatzea ozeano Atlantikoko eta Mediterraneo itsasoko atungorria «galzorian dagoen espezie» gisa sailkatzea.
Era berean, neurria, berehala praktikan jartzea ez duela defendatzen adierazi du EBk. Zehazki, debekuak gaurko bileran babesa jasoko balu, Europar Batasuneko 27 estatuen ordezkariek debekua onartzen dutenetik, praktikan ezarri arte gutxi- enez hamabi hilabete iragan daitezela proposatzen du.
2009an atzera bota zuten
Iñaki Zabaletak, Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako lehendakariak atzo GARA egunkariari adierazi zionez, Euskal Herriko arrantzan «kalte handia» eragingo luke debekuak, bertako kontsumoa apala baita. Zabaletak azaldu zuenez 900 tona inguru hegalabur biltzen dira urtean Euskal Herrian.
Europako Parlamentuak, bere aldetik, hilabete honetan eskatua du atungorria salerosteko debekua. Era berean, Europako Batzordea iaz saiatu zen Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuek debekuaren aldeko jarrera har zezaten, baina Estatu espainola, Estatu frantsesa, Italia, Malta, Grezia eta Zipre aurka azaldu ziren. Orain, ordea, Estatu frantsesa eta Italia debekua onartzeko prest azaldu dira. Estatu frantsesak, halere, debekua gutxika ezar dadila aldarrikatu du, 18 hilabetean zehar mailaka, eta artisau erako arrantzan jarduten duten ontziei laguntzak bideratzea.
Estatu espainolari dagokionez, Ingurumen ministro Elena Espinosak adierazi du ez dutela azalduko zein jarrera hartuko duten, Europako Batzordearen proposamenaren «xehetasunak» idatziz ikusi arte, hiruhileko honetan Europar Batasuneko txandakako lehendakaritza beraien esku dagoela argudiatuz.
Europar iturriek adierazi dutenez, ordea, Italia eta Estatu frantsesaren jarrera aldaketak Bruselak proposamen hau defenda dezan «erraztu» dute, eta beraz, ez dute uste Estatu espainolak, txandakako lehendakaritza betetzen duen heinean, gainerako estatuen babesa duen erabaki bat blokeatuko duenik.
Estatu espainoleko arrantzaleek debekuaren aurka daudela adierazi dute. Izan ere, Estatu espainola da arrain honen arrantza kuota handiena duen estatua. Zehazki, 2010ean 2.526 tona biltzeko eskubidea du aitortuta. Europar Batasun osorako ezarritako muga 7.104 tona dira.
Estatu espainolak ez du debekuaren aldeko edo aurkako jarrera hartuko duen argitu nahi izan, baina europar iturriek adierazitakoaren arabera, gainerako estatuek babestuz gero, Estatu espainolak ez luke debekua blokeatuko.
Ikuskatzaile talde batek Europar Batasunak antxoaren arrantzarako ezarritako kuota betetzen dela zain dezala nahi du Lakuako Gobernuak, eta horrez gain, Kantauriko antxoa gisa ez dadila saldu benetan bertan arrantzatua ez dena.
Izan ere, Bizkaiko Golkoan, Kantauri itsaso osoan bezala, azken bost urteetan debekatuta egon da antxoa arrantzatzea. Martxotik aurrera debekua kendu egingo dute, ordea. Beraz, aurtengo merkatuan Kantauriko antxoa eta beste leku batzuetakoa ere egongo dela adierazi du Lakuak, eta bereizketa egin behar dela. GARA