GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Benetako istorio bat

Kontatu didaten istorio bat ekarri nahi dizuet; batetik, kontatua izatea merezi duelako, adorea eta kontraesana eta benetako maitasuna dauzkalako, bestetik, pertsonak ezinbestean kulturaz eta ingurunez eginak gaudela erakusten duelako.

Istorio hau Bartzelonan hasi zen. Bi neskatxa maitemindu egin ziren zeharo. Baina ijitoak dira, bataren eta bestearen familiak eta lagunak ijitoak dira, euren pentsamolde zurrunarekin, lege propioekin. Ijitoen artean homosexualitatea ez da existitu behar, familia den neurrian ondarerik preziatuena, zenbat eta handiagoa orduan eta garrantzitsuagoa; homosexualitateak lotsa eta desohorea besterik ez dakar. Ondorioz, eskandaluak jota, irainduta, neskak banantzea eta bata Frantziako ezagun batzuengana eramatea erabaki zuten, bertako ijito batekin ezkon zedin.

Joan ziren hilabete batzuk, baina Bartzelonan geratu zena hura gabe bizitzeko gai ez zela, haren patu ankerra irudikatu ere ezin zuela, bere bila abiatu zen egun batean. Dirurik, laguntzarik eta planik gabe. Frantziako herri baten izena eta xede hautsiezina buruan, besterik ez. Bidean hemengo gizon bat ezagutu zuen, jokatu zuen jokatu beharreko papera Frantziara heldu beharrean, baina halako batean egia guztia aitortu zion gizonari, ez zuelako engainatu nahi eta laguntza behar zuelako. Eta lortu zuen laguna, lortu zuen maitearekin jotzea.

Lortu zuten ezkongaia eraiki zioten kartzelatik ateratzea, beti kontrolpean, beti lagunduta, joan-etorriak programatuta. Baina jakina da asmo betea duenak, zirrikiturik gabea, lortzeko aukera asko dituela. Neska bi hauek Euskal Herrira ailegatu eta euren bizitza eraikitzeari ekin zioten. Bilbon, lehenik, hutsetik.

Merkatuetan ibiltzen ziren lanean, beste ijito batzuekin batera. Arazorik gabe hasieran, euren harremanaz ohartu ahala gero eta zailago, gero eta baztertuago eta jazarriago. Aldi berean, eta oraindik gazte-gazteak izanda, ijito-sena azaleratzen hasi zitzaien. Euren kulturak eta heziketak emakumearentzako gordetzen duen papera bete beharra, beste ezeren gainetik eta beste ezer baino lehen familia izan, umeak ekarri, klana eratu.

Frantziara maitearen bila joan zenak intseminazioa egin zuen eta egun bi seme-alaba dituzte. Inguruko ijitoekin arazoak izanda eta tartean Bartzelonako familiak ere aurkituta, antza ijitoen sarea ere mundua bezalakoa da, ñimiñoa, beste behin ihes egin eta beste hiri batean bizi dira orain. Eta Frantziara maitearen bila joan zena gizona da orain. Merkatuetan lan egiten jarraitu behar dutelako, ijito artean bizi direlako eta euren gizarteak, bereziki, ez dituelako inoiz onartuko. Baina, batik bat, ez dutelako uste euren seme-alabek beren «bekatua» sufritu behar dutenik. Familiak aita eta ama behar dituelako, lasai bizi ahal izateko jazarpenik, ihesik eta bazterketarik gabe, hots, normaltasunean; norberaren naturaren kontra badoa ere, ondokoen onarpena ezinbestekoa zaielako. Zaigulako.

Benetako istorio bat baino ez da, baina zenbat halako, mugak hautsita barneko mugek harrapatuta. Kultura, heziketa, ingurunez egindako sarean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo