GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Beteranoek gehiengoa izango dute final nagusian

Donato eta Ohian Larretxea Etxebesteren eta Olasagastiren aurka neurtuko dira datorren larunbatean Azpeitian jokatuko den lehia erabakigarrian.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Datorren larunbatean Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkorako finalean beteranoek gehiengoa izango dute, lehian arituko diren lau aizkolarietatik hiruk 40 urte ongi paseak baitituzte. Ohian Larretxea bakarrik izango da azkeneko ekinaldiko aizkolari gaztea.

Larunbatean Etxebestek eta Olasagastik lortu zuten finalean izateko txartela, eta atzo gauza bera egin zuten Donato eta Ohian Larretxeak.

Herenegun Asteasun igeldoarrek mendean hartu zituzten Rekondo eta Atutxa. Final-laurdenetan gertatu bezala, atzo ere azkeneko proban, iraupeneko proban, alegia, erabaki zuten saioa gipuzkoarrek.

Sei probetatik lautan gailendu ziren Rekondo eta Atutxa. 45 ontzakoa 32 kolpetan moztu zuten aurkariei bi segundo kenduz. Bigarren lanean, 60 ontzakoa zutik mozten, 2 minutu eta 21 segundo pasa zituzten, eta zortzi segundo sartu zizkieten igeldoarrei.

Hirugarren lanean, bi 45 ontzako mozten segundo bat atera zieten aurkariei, beraiek minutu eta 39 segundoan amaitu baitzuten lana. Laugarrengoan, 45 ontzakoa zutik eta etzanda mozten, Rekondok eta Atutxak minutu bat eta 51 segundo behar izan zituzten, eta beste 20 segundo sartu zizkieten aurkariei. Bi 60 ontzako mozten, ordea, bi segundogatik gailendu ziren Etxebeste eta Olasagasti, denbora apur bat laburtuz, baina errematea, esan bezala, iraupeneko proban eman zuten, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako 12 minutu eta 41 segundoan moztuz, gazteei minutu bat eta bost segundo kendu zieten, eta ordura arteko denbora irauli zuten. Lan guztiak 23 minutu eta 51 segundoan amaitu zituzten Etxebestek eta Olasagastik, eta 24 minutu eta 7 segundoan Atutxak eta Rekondok.

Atzo, berriz, emozioa gainezka izan zen, baina larretxeatarrek irabazi egin zieten Jauregiri eta Nazabali, nahiz eta amaieran sei segundoko aldea baino ez zen izan. Jauregi eta Nazabal azkeneko probara aurretik sartu ziren, baina gero ezin izan zioten aldeari eutsi.

Bikote bakoitzak sei probatik hiru bereganatu zituen, beraz saio guztietan emozioa gainezka egon zen tarte handiegirik ez baitzen ateratzen. Emozioak iraupeneko proban jarraitu zuen, eta hor Donato eta Ohian Larretxea gailendu ziren. 11 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako mozteko eta 12 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten Jauregik eta Nazabalek. Denetara, 23 minutu eta 19 segundoan amaitu zituzten lanak larretxeatarrek, eta 23 minutu eta 25 segundoan Jauregik eta Nazabalek.

Zilarrezkoa

Zilarrezko Mailan, Mugertza anaiek lortu zuten finalerako txartela atzo Irazabal eta Dorronsoro menderatuta. Mutrikuarrek 15 minutu eta 54 segundoan burutu zituzten lanak, eta Irazabalek eta Dorronsorok, berriz, 16 minutu eta 40 segundoan. Olano eta Saralegi izango dira gipuzkoarren aurkariak larunbateko finalean.

Gazte bakarra

Ohian Larretxea izango da datorren larunbatean maila nagusiko finalean arituko den gazte bakarra. Berakoa bere aitarekin ari da, eta garaipena lortzeko faborito aterako dira Azpeitian.

Mugertza

Mugertza anaiek aurreikuspenak bete zituzten Zilarrezko mailako finalerdian, eta finalean Olanoren eta Saralegiren aurka arituko dira. Mugertza II.a Aizpururen ordez ari da, bera lesionatuta baitago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo