GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

ARGIA Juan Mari Arregi

Emakumeak Martxan Euskal Herrian

(...) Euskal Herriko elkarte feministek bat egin dute munduko berrogei herritan ibiliko den Emakumeen Munduko Martxarekin. Iruñetik abiatu da eta bertan bukatuko da larunbatean. Aurten ondokoa errebindikatuko dute: lan baldintza kaxkarrak ez izatea, emakumeen aurkako bortizkeria ezabatzea, ugalketa eta sexu eskubidea, eta elikagaien subiranotasuna.

Orrialde honetatik emakumeek jasaten duten soldata desberdintasuna nabarmendu nahi dugu. Espainiako Estatuan egindako azken azterketaren arabera, emakumeek irabazten duten batez besteko soldata gizonek jasotzen dutena baino %26,3 gutxiago da. 2007ko datuen arabera, emakumeen urteko batez besteko soldata 16.943 eurokoa izan zen eta gizonena 22.780 eurokoa. Europar Batasuneko soldata arrakala handienetakoa da, Batasuneko batez bestekoa %17koa baita. Desberdintasun horren jatorriak bi dira, batik bat: emakumeek lan baldintza kaxkarragoak dituzte eta aldi baterako kontratuak (emakumeetan %25 eta gizonetan %17). Lanaldi partzialeko kontratuen %80 baino gehiago emakumeenak dira. Gainera, pobreziak, langabeziak, prostituzioak eta sexu esklabotzak emakume izena dute.

Emakumeen eskubideak errespetatzeko, besteetan bezala, politika aktiboak egin behar dira. Administrazioek eta gobernuek, alderdi politikoek, enpresariek, sindikatuek, erakundeek, eskolek, unibertsitateek, herritarrek, norberak bere ahalegina egin beharko du urtero emakumeen nazioarteko eguna beharrezkoa izan ez dadin. Horrek esan nahiko luke emakumeak gizonen pareko eskubideak lortu dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo