KRONIKA Emakumeen martxa
Arrazoi eta kemen gehiago Euskal Herri berri bat eraikitzeko
Abiapuntura berriz ere bueltan, baina desberdin, kemen gehiagorekin, arrazoi ugari bilduta... Euskal Herriko Emakumeen Martxak atzo egin zuen azken ekitaldia Iruñean, makina bat herri igaro ostean. Azken bost egunotan erakutsitako kemenari eusteko deia egin zuten.
GARA
Astearteaz geroztik euskal bazterrak morez tindatuta esnatu dira. Atzo, aldiz, Euskal Herriko Emakumeen Martxa abiapuntura itzuli zen berriz ere, Iruñera. Hori bai, abiatu aurretik jarritako helburuak betetzeak dakarren gogobetetzearekin egin zuen.
Goizean goizetik hasi zen girotzen Nafarroako hiriburua. Gaztelu plazan erakusketak, herri kirolak, haurrentzako jolasak... antolatu zituzten goiz-pasa egin eta eguerdian iristekoa zen martxa iritsi bitartean itxaronaldia samurtzeko.
Urduritasuna eta zirrara nagusi zirela sartu zen martxa plazara, azken txanpara; ondoren, hiriburuko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa hasi zuten. Bidean hainbat geldialdi egin zituzten, beste hainbeste aldarrikapen luzatzeko. Lehena, San Inazio elizaren parean. Bertan, «erlijio handiek eta, batez ere, erlijio katolikoak, emakumeen gorputza eta bizitza arautzeko izan duten obsesioa» salatu zuten: «Ama edota emazte roletatik desbideratu garenean, estereotipatu, santifikatu edo satanizatu egin gaituzte».
Botere publikoek emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurrean duten jarrera ere salatu nahi izan zuten. «Bultzatzen dituzten lege eta neurriek ez dute genero sistema hau, patriarkatua, benetan eraldatzeko biderik ezartzen», nabarmendu zuten.
Beste bi geldialdietan, Nafarroako Parlamentuaren parean eta hainbat bankuren aurrean egindakoetan, elikadura burujabetza aldarrikatu eta emakumeek bereziki pairatzen duten prekarietatea salatu zuten. Manifestazioaren amaieran, mundu martxak izan dituen aldarriak gogorarazi eta herrietan jasotako testigantzak konpartitzeko ordua iritsi dela nabarmendu zuten.
Aurrera eramaten dituzten borrokak «ezezkoan oinarritzera ohituta», atzokoan ikuspegi baikorragoa eman nahi izan zioten ekitaldiari «Erresistentzia eta autodefentsa kolektiboari bai!», «Sexualitate askeari bai!», «Lan duinari bai!» eta «Ekoizpen txikiko nekazal ereduei bai!» bezalako leloekin. Euskal Herri eta mundu berri bat eraikitzeko azken bost egunotan erakutsitako indarra aurrerantzean beharrezkoa izango dela ere ohartarazi zuten.
Ekitaldia amaituta, bazkaria egin zuten 350 pertsona inguruk Jito Alai pilotalekuan. Ondoren, musikaz gozatzeko aukera izan zuten. Hausnarketa pausatuago baten faltan, lehen balorazioan gustura agertu ziren Euskal Herriko Mundu Martxak izan duen harrera eta jarraipenarekin.