Ohiko azterketek irakaslearen espektatiben eta Ikaslearen emaitzen arteko aldea neurtzen dute soilik
Azterketa tradizionalek ez dituzte ikasleen konpetentziak ebaluatzen. Hori dela eta, edukien ebaluaziotik konpetentzien ebaluaziora jauzi egin beharra dagoela izan da hiru egunez 680 profesional bildu dituen XVII. Jardunaldi Pedagogikoetan ateratako ondorio nagusietako bat.
Zuriñe ETXEBERRIA
Ondorioak esku artean, datorren urtera bitartean agur esan dute Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak «Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza berritu eta hobetu» goiburupean Gasteizen hiru egunez antolatutako XVII. Jardunaldi Pedagogikoek.
Berritu eta hobetu terminoak elkarrekin kateaturik aurkeztu dituztela-eta, berrikuntza eta hobekuntza, bata zein bestea, irakasleriaren jardun profesionalaren «esku hartze esparruan sartzen diren planoak» direla azpimarratu dute. Jardunaldien historian Euskal Curriculumari «sekula» ez zaiola aurtengoan beste garrantzirik eman ere baieztatu dute. Konpetentzietan oinarritutako curriculumak dakarren hezkuntza paradigma aldaketa bere egiteaz gain, garapen «propioa» emateko konpromisoa ere hartu dute. Hala, ikastolek interesa azaldu dute curriculum espezifikoa gainontzeko kultur eragileekin lantzeko. Aldi berean, Euskal Curriculumerako eskola materialen egokitze eta hobetze prozesuan zein prestakuntza planen eta ebaluazioaren garapenean administrazioaren laguntza ezinbestekoa dela adierazi dute ikastolek. Hori dela eta, elkarlanean aritzeko eskaera ozena egin diote administrazioari jardunaldietatik.
Bestalde, edukien ebaluaziotik konpetentzien ebaluaziora igarotzeko beharra agerikoa dela defendatu dute hiru egun hauetan. Horren harira, argi utzi nahi izan dute ohiko azterketek ez dituztela ikasleen konpetentziak ebaluatzen, baizik eta ikaslearen emaitzen eta irakasleen espektatiben arteko aldea. Arazo errealen ebazpena eta horien lorpen maila ebaluatzea lan egiteko metodologia aldatuko duten urrats kualitatiboak izango dira.
Hezkuntza arloan ere gero eta gehiago erabiltzen den kontzeptua da balore erantsiarena. Baina, zertan datza? Ikastolen Konfederazioarentzat oso garrantzitsua da ikastola bakoitzak ikasleen hezkuntzan egiten duen ekarpena ezagutzea. Bide horretatik, ebaluazioaren balore erantsiak laguntza beharra duten ikasleen identifikazioa erraztuko du, baita ikasle horien garapen doituaren jarraipena egitea ere. Horretarako ondo prestatutako irakasleak ezinbestekoak dira eta, horregatik, irakaslearen profila zehaztuta izatea beharrezkoa da irakaslearen autoebaluaziorako eta bere hobekuntzarako. Ildo bertsuari tiraka, lan komuna egiteko asmoz, Ikastolen Elkartetik eskua luzatu diete unibertsitate desberdinei irakaslearen profilaren inguruan elkarrekin lan egiteko.
Ikasys proiektua
Aurten orotara 680 profesionalek hartu dute parte jardunaldietan, Euskal Herri osoko 85 ikastola eta ikastetxe izan direlarik ordezkatuta. Ostegunean, Oiartzungo Haurtzaro ikastolako Maite Gomezek, Ikasys proiektuko koordinatzaileak, eta Oihan Odriozolak, Ikasys proiektuko software eta hardware arduradunak, norberaren trebakuntza sistematikoa ordenagailu bidez nola lantzen ari diren azaldu zuten profesional horien guztien aurrean.
Ikastolen Elkarteak garatutako Ikasys proiektu berritzailea norberak ordenagailuaren bidez ikasgela arruntean ikasteko sistema da. Gomez eta Odriozolak azaldu zutenez, hezkuntza arloan «aspaldian nabaritutako hutsuneei irtenbidea emateko» sortu zen proiektua. Izan ere, jakina da ikasle bakoitzak estilo eta erritmo propioak dituela ikasteko garaian eta hezkuntzaren arazo nagusietako bat ezaugarri horiei behar bezala erantzuten asmatzea dela. Ordenagailu bidezko proiektu honen bitartez, ikasle bakoitzak bere gaitasun eta beharren arabera aukeratutako tipologia anitzeko jarduerak eginez lan egiten du. Saio hauetan, ikasle guztiek ez dute ariketa kopuru bera egiten, ematen dituzten erantzunen zuzentasun maila kontuan hartuta, ikasle batzuek besteek baino ariketa gehiago egin beharra izaten baitute aurrera jarraitzeko. Hau da, proiektuaren aplikazioaren bidez, ikasleen aniztasuna kontuan hartzen da.
Ikasys proiektuaren helburu nagusia ikasleek dituzten premiei behar bezala erantzungo dieten tresna sendoak eskaintzea da, betiere egoera sinpleetatik abiatuta. Hala, ikasleei ikasgelan bertan eta eguneroko bizitzan sortzen zaizkien egoera konplexuagoak ulertzeko eta egoera horiei aurre egiteko aukera ematen zaie. Zailtasunaren arabera mailakatutako jardueretan oinarritutako entrenamendu sistematikoaren bidez, jardun konpetente baterako ezinbestean aldez aurretik izan behar diren jakinbideak finkatzen, ezagutzak egituratzen eta guztiz premiazkoak diren gaitasunak garatzen laguntzen zaio ikasleari.
Esperimentazio fasearen ebaluazioa egin ondoren, Ikasys proiektuaren egokitzapen eta hobetze prozesua jasotako datuak oinarri hartuta abiatu dute. Hala, 2009-2010 ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 32 ikastoletan ari dira Ikasys proiektuarekin lanean, hau da, 7.000 ikasle ingururekin. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dozena bat ikastoletan hasi berri dira otsailean proiektuarekin lanean.
Esperimentazio fase orokorraren ostean, lehen emaitzak jasotzeko parada ere izan dute. Alderdi kuantitatiboan, sistema erabili duten ikasleen errendimendua arlo eta maila guztietan hobetu dela azpimarra daiteke. Alderdi kualitatiboan ere hobekuntzak nabaritu dituzte talde esperimentaleko ikasleengan; besteak beste, ikasleen autonomian, motibazioan, arretan eta metakognizioan nabaritu dituzte aurrerapauso nabarmenenak. Abantailen artean, ikasle bakoitzak bere ordenagailuan eta bere erritmora lan egin ahal izateak «autonomian sendotzea» dakarrela nabarmendu zuten Gomez eta Odriozolak.