GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Urteurren festa luzatzeko une eta aurkari egokiena

Azken lau liga partidak irabazi ostean, kanporaketetan sartzeko xedea du talde bilbotarrak. ACBko azken postuan den Murtziaz ez da fio, ordea, Katsikaris. Hainbat urteurren ospakizun izango dira partidan zehar.

p050_f01.jpg

Arnaitz GORRITI

Atzeko postuak ia behin betirako atzean lagatzeko momentua iritsi da Bizkaia Bilbao Basketentzat. Europan final-laurdenetako txartela patrikan dute Katsikarisenek eta ACB ligan, berriz, azken lau neurketetan garaipena eskuratu dute, eta gaur eguerdiko aurkariak, Murtziak, ligako azken sailkatuak alegia, ez dirudi bolada on hori hautsi behar duenik. Ba al dago une egokiagorik hamargarren urteurren jaialdia antolatzeko?

Talde bilbotarra denboraldiko unerik gozoenean dago eta orain zortzi onenen artean sartzea du helburu. Ez da ahaztu behar bederatzi garaipenekin daudela bizkaitarrak, Kanaria Handiarengandik -hau da, zortzigarrenarengandik- bi garaipenera. Inor gutxik begiratzen du orain sailkapenaren beheko aldera, nahiz eta azkenaurrekoa den Xacobeo ere beltzezko gizonengandik bi garaipenera dagoen.

Esan bezala, Murtziak ez dirudi Bilbao Basketen bolada bikaina hauts dezakeenik, nahiz eta jokalari onak izan badituen. Makina bat fitxaketa egin eta entrenatzailea aldatu arren -aurreneko itzulian bilbotarren aurka galdu ostean egin zuten aldaketa-, ez dirudi atarramendu onik aterako dutenik murtziarrek, eta hurrengo urteari, LEB ligari bada, begira hasi dira hainbat jada. Gainera, Williams antolatzailea lesionatuta dago.

Dena den, ez du konfiantzarik nahi Katsikarisek. «Emaitzak emaitza, Murtziak jokalari arriskutsuak dauzka. Hamar neurketa falta dira liga amaitzeko eta ezin dugu hutsik egin», nabarmendu zuen.

Ospakizunak

Gaur eguerdian, partida osoan zehar, zenbait ekintza ospatuko dira Bilbao Basketen hamargarren urteurrena dela-eta. Hala, klubaren fundatzaileei aurreskua dantzatuko zaie eta BECeko bideo markagailuan hamar urte hauetako zenbait irudi esanguratsu eta hainbat jokalari ohiren mezuak ikusi eta entzun ahal izango dira.

 
BIZKAIA BB-MURTZIA
XACOBEO-LAGUN ARO
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo