Hondakinen arazo handiaz kontzientzia hartzea xede
Surfrider Foundation Europe elkarteko kideak ziur daude inplikatuz herritarrek gauzak aldatu eta konpon ditzaketela. Horregatik, makrohondakinen inguruan sentsibilizatu eta mobilizatzeko ekintzak egiten dituzte. Donostia izendatu dute ekimen horien hiriburu, eta hondartzak garbitzen, jasotako materialekin kometak egiten edota tailerretan ikasten aritu da hainbat lagun lau egunotan.
Maider IANTZI
Osteguna eta ostirala haur eta gaztetxoei eskainitako egunak izan ziren, eta Donostiako ikastetxeetako 700 neska-mutikok parte hartu zuten makrohondakinen inguruko animazioetan. Surfrider Foundation Europe kostaldea babesten duen elkarteko partaideek agertu zutenez, hori da lehenbiziko pausoa, hondakinak ezagutzea, gero hondartzak garbitzeko eta bertan zein material aurki ditzakegun jabetzeko.
Tailerretan zabor horiek nondik heldu diren eta zer eragin duten azaldu eta tresna pedagogikoak eman zituzten: ozeanoak eta ibaiak babesteko jarrerak zehazten dituzten esku orriak, uraren zikloa azaltzen duten posterrak...
Mendian plastikozko poltsa bat botatzen badugu, ibaian barna itsasora iristen da eta 450 urte pasatu arte ez da desagertzen. Zigarro-puntak, aldiz, urte pare bateko bizia du iragazkiarekin eta hiruzpalau hilabetekoa gabe, kartoiak bezala. Kontserba poteak 10-100 urte irauten du, lata batek 200-500, plastikozko botilak 100-1000 eta beirazkoak 4000 urte.
Elkartekoek adierazi zutenez, ozeanoak, lakuak, errekak eta ur baliabideak arriskuan jartzen ditugu, eta eragin hori murriztea nahi badugu, eguneroko bizimoduan hainbat aldaketa egin behar dugu. Erabilera bakarreko produktuen ordez iraunkorrak eta kalitatezkoak aukeratu ditzakegu; kiloka eta ontzirik gabe saltzen diren gaiak erosi; hautsitako objektuak konpondu; komunera objekturik, sendagairik edo garbikaririk ez bota; olioa ez harraskatik behera bota; birziklatu; garraio garbiak aukeratu; bisitatutako tokietan ahalik eta arrasto txikiena utzi; ura eta energia aurreztu...
Itsas Ekimenen lehenbiziko bi egunetan haurrek hartu zuten parte bereziki; azkenekoak, berriz, familiei eta publiko orokorrari begira antolatu zituzten. Fina Tremols eta Hondargiro elkarteko lagunek familientzako eko-ibilbidea egin zuten atzo, Saguesetik Haizearen Orrazira. Gero, Kontxako hondartza garbitzen aritu ziren eta material dezente pilatu zuten. Gau bakarreko zaborra dena: ron botilak, zigarro-punta ugari, kartoia, brikak, plastikoa, arrautza-ontziak, txikleak, litxarreriak, patata zorroak, belarriak garbitzeko bastoi txikiak... Azken hauek hagitz txarrak dira, araztegietako filtroetatik pasatzen direlako eta itsasora ailegatu. Adituek tailer bat eman zieten bildutakoei. Ume anitz zegoen eta Tremolsek hauek kontzientzia hartzeak duen garrantzia nabarmendu zuen.
Biarritzeko David Dada Surfriderreko langilea ere hondartza garbitzen ibili zen, Zurriolan. Araztegietan filtro bezala erabiltzen diren plastikozko pieza batzuk erakutsi zizkigun eta hondartzetan horietako milaka aurkitzen dituztela kontatu zigun. «Ura garbitzeko erabiltzen dituzte, baina bertze kutsadura iturri bat sortzen dute», argitu zuen. Itsas Ekimenak hamabosgarren aldiz egin dituztela ekarri zuen gogora eta asteburu honetan Europan guztira 800 garbiketa saio egin dituztela azaldu zuen. «Hau elkartearen ekimenetako bat bertzerik ez da. Hainbat arlo ditugu; adibidez, laborategietan aztertzen dugu uraren kalitatea eta astero ematen dugu neurtutakoaren berri Interneten (www.surfrider.eu eta www.mareurdina.org guneetan)». Donostiako hondartzetako uraren kalitatea nahiko txarra dela aipatu zuen, baita Biarritzekoa eta Donibane Lohizunekoa ere.
«Kapitalismo berdea»
Surfriderrek Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatu zituen egunotako ekimenak, eta, horregatik, hiriko AHTren Aurkako Taldeak Jaizkibelgo superportua gaitzetsi eta Udalaren «amarruak» salatu zituen. «Erakustaldi honek iraunkortasuneranzko irudi faltsu bat saldu nahi du», kritikatu zuten, eta txikizioa gelditu eta gizartea bertze oinarri batzuetan antolatzea premia larrikoa dela ohartarazi zuten.