GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Sexu zehatzik gabeko lehena

Ez da makala Norrie May-Welbyk lortu duena. Historiako eta mundu osoko ofizialki onarturiko sexu zehatzik gabeko lehen pertsona izatea. Australian onartu diote pertsona horri bere burua ulertzeko moduaren kanpora begirako isla. Nortasun-agirian emakumea edo gizona jarrita berdin-berdin egingo zuen bere bizitza, bata eta bestearen gorputz eta izaeran saiatuta argi baitzeukan ez bata eta ez bestea ez zela; gizon jaio arren, ezin hala bizi; beraz, bere burua transexualtzat jota jarraitu beharrekoak jarraitu eta emakume bihurtu zen. Emakume ere ezin sentitu, ordea. Hori nahastea, hori arazoa, zer egin halako pertsona batekin, etiketarik jatorrizkoena eta denok jasotzen dugun lehen-lehena jaso gabe non kokatu, nola tratatu, nola izendatu.

Zelan bere izena erabiliz izendatu? Ez zaigu nahitaezkoa aurkezteko orduan «kaixo, Josebe naiz eta emakumea goitik behera» esatea, ezta? Gehienetan nabaria izaten baita, egia baita gehienetan gorpuzkera eta barrua bat datozela; ugaltze-aparatu batekin jaiotzen garela eta horren arabera hezten gaituztela eta bizi garela, identitate horrekin gustura. Gehienetan, baina, ez du beti esan nahi. Eta beti eragozten duten horiek beldurra edo konfiantzarik eza eragiten dutela ere egia da.

Ez al zaizue sekula gertatu norbait ikusi edo ezagutu eta neska ala mutila den jakin ezin izatea? Eta arreta osoz begiratuagatik ere, zer den ezin asmatua? Egoera horretan, gehienok ezin diogu beste ezeri kasurik egin, aurrean emakumea ala gizona dugun ez jakiteak artega samar jartzen baikaitu, konturatu ere egin gabe besteak tratatzeko eskeman bila eta bila hasita. Eskemari heltzen hasteko patroi nagusi bien artean aukeratu beharra dago, baina. Eta patroirik aurkitu ezean, Naturaren E eta G pertsonontzako sorkuntza bakarrak, nahiago izaten dugu alde egin eta «normalen» artera itzuli.

Beste hainbestetan bezala, halako kontuetan ere arazoa besteona da. Homosexualekin eta transexualekin gertatzen den legez, eurek ez dute sentitzen dutenaren arabera bizitzeko arazorik, ondokoek bakea emanez gero, eta euren burua onartzeko arazoak izaten dituztenean, ziur egon ez dutela inguruan giro aske eta maitasunezkorik. Ez dutela nortasuna garatzen utziko dien esparru egokirik. Legezkoa barne. Naturak emakumea eta gizona eta hori baino ez zuela sortu eta emakumeek emakume bezala eta gizonek gizon bezala, bakoitzak bere rol eta esparruak ondo definituta izanda, bizi behar dutela uste dutenek ezin baitute onartu bizitzaren oinarri den egiturarik antzinakoena arrail dadin. Behin arrailik txikiena ere irekita, «deprabatuen» eta «desbideratuen» hondamendia datorkigulakoan gainera.

Eta horiek asko dira, asko garen bezala, muturreraino horrenbeste eraman gabe, jasotako heziketak gugan marrazturiko eskemak eraginda zenbait gauza eta pertsona onartzeko orduan mugak eta errezeloak ditugunak. Horregatik, legez onartzea aurrerapauso itzela iruditzen zait, gizartearen pentsamoldearen isla den heinean, eta poliki bada ere, denontzako lekua egiten duen neurrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo