Pello Uharte Orotz eta Josu Jimenez Maia Berriozar
Maiatzaren 15ean, hitzordua Iruñean
Aurtengo maiatza berezia da nafar euskaldunontzat. Alderdi konstituzionalistek beti izan dute euskararen garapena eragozteko jarrera, baina azken hiru urteotan lotsagabe areagotu dute. Euskaltzaleok beti aldapan gora aritu behar izan dugu, baina orain murru, lubaki eta alanbradak gainditzera behartzen gaituzte eta bada horrekin ez gaudela konforme adierazteko garaia.
Jakina, mundu guztiak ez du egoera ikuspuntu beretik ikusten. UPN, PP, CDN eta PSN alderdietako jendeak erran ohi du euskal mundua ez dela deusekin konformatzen, asegaitza dela eta, hizkuntz politika edozein izanda ere, berdin-berdin kexatuko litzatekeela.
Horrek gogora dakarkigu txiste zahar hura. Ijito familian, aita-amak zortzi txurunbelekin afaltzen ari dira. Mahai erdian, arrautza frijitu soil eta bakarra zartagin batean. Eskuan txotx bana hartuta, txandaka ari dira gorringoan txotxa busti eta ahora eramaten. Txurunbel bat kexu ageri da: «Papa, el Tato-k bi aldiz busti du». Eta aitak: «Utziok, ea lehertzen den behingoz!».
Ikuspuntuak ikuspuntu, ukaezina da euskaldunok aspaldion uzkur eta isilik gabiltzala, ia protestarik egin gabe, geure kulturaren lausotze sistematikoarekin konforme bageunde bezala.
Kontseiluaren 15eko deialdiarekin bat egiteko hamaika arrazoi dugu euskaraz bizi nahi dugunok, pairatzen dugun eraso bezainbeste arrazoi dugulako: ez bat ez bi, hamaika baizik. Izan ere, uzkur eta isil egotetik, gure eskubideak harro eta ozen aldarrikatzera urrats bat aitzina eman behar dugu eta XXI. mende honetan Iruñean egin den manifestaziorik jendetsuena izatea lortu behar dugu. Ez dugu erabiliko erdaraz hainbeste entzun eta horren matxista den esapide ospetsu hori, «arrautzarik» dagoen ala ez dagoen galdetuta. Denok saiatuz gero, maiatzaren 15eko manifestazioa baietz azken urteotan Nafarroan egin den handiena izan. Baietz lortu!
Finean, euskararik gabeko Nafarroa, gorringo gabeko arrautza. Hilaren 15ean kalera, euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde. Ez egin kale!