GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GAZTEHERRIA Bruselara doa maiatzaren 29an

Euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan, Europara

Nazioarteko eragileen babesa bilatzeko asmoarekin eta estatu frantses eta espainolak daramaten errepresio estrategia salatzeko, maiatzaren 29an euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatuz Bruselan egitekoa den manifestazioan parte hartzeko deia egin du GaztEHerriak. Independentziaren alde herri bat dagoela ikusarazi nahi dute eta Europar Batasunak eta osatzen duten estatuek ezin dutela «beste aldera begiratu».

p004_f02_250x168.jpg

Manex ALTUNA | LEIOA

GaztEHerria ekimenak datorren maiatzaren 29an Bruselara joateko deia zabaldu zuen atzo Leioako campusean emandako prentsaurrekoan. Euskal gazteriak jasaten duen kriminalizazioa salatzeko nazioarteko eragileek manifestazioa antolatu dute egun horretarako, «Civil and Political Rigths for the Basque Youth» (Eskubide zibil eta politikoak euskal gazteriarentzat) lemapean.

Euskal Herriaren independentziaren alde lan egiteko prest dauden gazte mugimenduetatik jaiotako ekimena da GaztEHerria eta Europar Batasunaren egoitza eta parlamentu nagusia kokatzen diren hirira eramango ditu bere aldarrikapenak, nazioarteko hainbat gazte erakundek antolatutako manifestazioan parte hartuz.

Eragile ezberdinak biltzen dira GaztEHerriaren barruan, eta horietarik hainbat ordezkari izan ziren atzoko agerraldian, ekimenari sostengua emanez. Besteak beste, gazte independentistak, Gazte Abertzaleak, Alternatiba, Ikasle Abertzaleak, Kamaradak, Kaskagorri, Topatu.info, MusikHerria eta Bilgune Feminista kolektiboek osatzen dute egitasmoa.

Guztien izenean, Andoni Rojok, Kaskagorri Bilboko konpartsako kideak, eta Topatu.info webguneko kide Itxaso Cuevasek hartu zuten hitza. Nabarmendu zutenez, bere burua definitzeko «demokratiko» hitza erabiltzen duen Europar Batasunaren barruan, estatu frantses eta espainolak oinarrizko eskubide zibil eta politikoak, indibidual zein kolektiboak, «etengabe» urratzen dituzte, eta ez Europar Batasunak, ez berau osatzen duten gainerako estatuek, «ezin dute beste aldera begiratu. Ezin dira itsu eta mutu geratu urraketa hauen aurrean. Beraz, eskubide guztien errespetuaren bermea Europaren erantzukizuna ere baden heinean, pauso zehatzak eman ditzatela exijitu nahi dugu».

Europar Batasuneko txandakako lehendakaritza une honetan Estatu espainolaren eskuetan dagoela gogorarazi zuten. Rojo eta Cuevasek esan zutenez, Estatu espainolaren «gabezia demokratikoak» eta «independentismoaren kontra» daraman «estrategia» salatzeko ere baliatu nahi dute mobilizazioa. «Errepresio antzu eta amaigabeari harresi demokratiko bat eraikitzeko» konpromisoa hartzearen beharra ere aipatu zuten.

GaztEHerriako kideek euskal gazteriari dei egin zioten, maiatzaren 29an Bruselara joateko, bere eskubideak errespetatuak izan daitezen eta independentzia nahi duen herri oso bat dagoela ikusarazteko.

«Lehen harria» Durangon

Independentzia «alternatiba bakartzat» ikusten duten gazteen bilgunea da GaztEHerria, agerraldian nabarmendu zutenez, eta Euskal Herrian abiarazitako fase politiko berrian eragile politiko, sozial eta sindikalek independentziaren alde indarrak biltzeko eta urratsak emateko helburuarekin gazteek egin duten ekarpena.

Aberri Egunaren inguruan Durangon eginiko jaialdiarekin jarri zuten «lehen harria». «Oztopoak oztopo, 10.000 gaztek bat egin genuen independentziaren alde, eta argi geratu zen euskal gazteriaren hautua dela. Milaka gaztek independentzia amestu eta gaurdanik eraikitzen hasteko konpromisoa daukagula argi utzi genuen».

Irun eta Hendaia artean ospatutako Aberri Egun bateratuak «aro berriaren» hasiera markatu du GaztEHerriako bozeramaileek adierazi zutenez, eta orain proiektu independentista «lau haizetara zabaltzeko» garaia iritsi da. Nazioarteko eragileak ere jabetu dira pausoez, eta horien inplikazioa beharrezkoa dela adierazi zuten gazteek, eskubideak berma daitezen. Horren lekuko jarri zuten apirilaren 1ean Gernikan euskal gazteriari babesa eta elkartasuna azalduz aurkeztutako manifestua, eta Durangora bertaratutako nazioarteko ordezkaritza zabala.

Gazteek Euskal Herrian jasaten duten etengabeko kriminalizazioa eta polizia operazioak salatu zituzten, nabarmenduz «independentziaren aldeko lana garesti ordaintzen dela».

Testuinguru horretan kokatu zituzten nazioarteko gazte eragileek egindako manifestuan eta GaztEHerriaren oinarri den Gazteriaren Adierazpenean aldarrikatzen diren eskubideak errespetatuak izan daitezen eskakizuna, eta hori exijitzeko «erantzuleen» aurrean azalduko direla esan zuten, «ezin baita lana askatasun osoz burutu, mehatxu eta errepresioaren mamua etengabea» den bitartean.

Datorren astean GaztEHerriako ordezkaritza bat Bruselan izango da Europako eta Flandriako parlamentuko alderdi politiko eta eragileekin harremanak lantzeko asmoarekin.

2006an ETAren su-etena zela medio, Europako parlamentuan konponbide prozesu bat hastearen aldeko eztabaida izan zenetik, ez da euskal gatazkarekin zerikusirik duen beste mobilizaziorik egin Bruselan.

Oraingoan ehunka gazte batzea espero dute eta autobusak antolatu dituzte herri guztietan izena emateko. Aldi berean, GaztEHerriaren webgunean, norbanako eta eragileek ekimenari atxikimenduak emateko aukera dagoela azaldu zuten.

AUTOBUSAK

Herri guztietan Bruselara joateko autobusetan izena emateko aukera dagoela nabarmendu zuten agerraldian GaztEHerria ekimeneko bultzatzaileek.

ATXIKIMENDUAK

GaztEHerriaren webgunea berriro martxan dagoela adierazi zuten, eta azaldu zutenez, bertan norbanako zein eragileen atxikimenduak biltzeko kanpainari ekin diote.

Solidaridad internacional tras la redada masiva de noviembre

La manifestación que reivindicará en Bruselas el respeto a los derechos civiles y políticos de la juventud fue presentada el pasado 1 de abril en Gernika por una decena de representantes de las delegaciones internacionales que asistieron a la iniciativa GaztEHerria celebrada al día siguiente en Durango. La convocatoria surgió en respuesta a la redada masiva contra jóvenes independentistas de noviembre de 2009. A los pies de una réplica del «Guernica» de Picasso, dieron lectura en inglés y castellano a un manifiesto que ha recabado el respaldo de más de medio centenar de organismos juveniles de las naciones bajo administración española, Alemania, Grecia, Irlanda, Ucrania, Pakistán, Hungría, Noruega, Finlandia, Dinamarca, Italia, Flandes, Venezuela, México, Portugal, Suiza y Sudáfrica. El documento reivindica las mismas oportunidades para todos los proyectos políticos «sin represión», el fin de la tortura y una solución democrática.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo