GARA > Idatzia > Mundua

Okinawako AEBen basea kentzeari ezinbestez uko egin behar diola iragarri du Hatoyamak

GARA |

Japoniako lehen ministro Yukio Hatoyamak, Okinawan (herrialdearen hegoaldean) kokatutako base militarra estatubatuarra tokiz aldatzeko asmoari uko egingo diola iragarri zuen atzo, France Pressek emandako informazioaren arabera. Hala, bertan behera gelditu zen Hatoyamak hauteskunde kanpainan egin zuen promesa nagusietakoa.

«Sentitzen dut Okinawako biztanleei ulerkorrak izan daitezen eskatu behar izatea, basearen jardueretako batzuk mantendu egin behar direlako», esan zuen Hatoyamak kazetarien aurrean, iragan irailean hautatua izan zenetik uhartera egindako aurreneko bisitan.

Hauteskunde-kanpainan, Futenmako aire basea -48.000 soldadu estatubatuar daude bertan-, Okinawa uharteko hiri horren erdigunean dagoena, bertatik -edota Japoniatik- aterako zuela hitzeman zuen, zarata eta kriminalitatearen areagotzea direla-eta biztanleen duten kezka baretzeko.

Aurreneko aldiz

Agindutakoa ezingo duela bete onartu zuen aurreneko aldia izan zen atzokoa.

Inkesten arabera, Yukio Hatoyamaren ospea gainbeheran zegoen, eta iragarpen horiek ez diote onik egingo Japoniako Alderdi Demokratari, senaturako bozetarako bi hilabete falta direnean.

Okinawako hiriburura, Nahara, iritsitakoan, manifestariek egin zioten harrera Hatoyamari, AEBetako basea uhartetik kanpo eraman zezala eskatzen. Gero, irlako gobernadore Hirokazu Nakaimarekin bildu zen, eta honek herritarren desadostasunaren berri eman zion.

Joan den apirilaren 25ean, 900.000 lagunek manifestazioa egin zuten basea uhartetik ken dezaten eskatzeko.

«Jarduera guztiak Okinawako prefekturatik ateratzea oso zaila izango zela konturatu ginen», onartu zion Hatoyamak uharteko agintariari.

Futenmako basearen aferak tentsioa sortu du Japonia eta honen aliatu nagusi diren AEBen arteko harremanetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo