GARA > Idatzia > Ekonomia

«Kapitalismoaren ikurtzat» jota, pintadak egin dituzte higiezin agentzia eta bankuetan

p024_f01_148x84.jpg

GARA |

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hainbat herrietako banketxe eta higiezin agentziatan pintadak azaldu ziren maiatzaren 1eko bezperan, zehazki, Ziburun, Senperen, Azkainen, Maulen, Donibane Garazin eta Donapaleun.

Erasoak errebindikatuz zabaldutako agiriaren arabera, egitura hauek «eredu kapitalistaren sinbolo direlako» izan dira ekimenaren jomuga.

Borrokaren bidez

Estatuko sindikatuen jokamoldea gogor kritikatu ondoren, krisia ez dela «momentukoa» dio oharrak. «Sistema kapitalista bera da krisian eta guk horren ondorioz bizi dugun egoeraren erantzuleen kontra ekin behar dugu zuzenean. Gure herria eta gure eskubideak zapaltzen dituen burgesiaren kontra», jarraian dioenez.

Lorpen sozialak «soilik borrokaren bidez» erdietsiko direla nabarmenduta, langileek aldarrikapenak karrikaratu behar dituztela gaineratzen du: «Gure eskubide sozialak ez ditugu gutxi batzuen probetxu ekonomikoaren mesedetan galduko. Gure eskubideak ez daude salgai!». Agiria, «Euskal Herria ez da salgai!» leloarekin amaitzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo