GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marie-Line Meaux: «AHT linea ez da inoiz ikusezina eta kalterik gabea izanen»

AHT linea berriak Lapurdin izango duen ibilbideari buruzko hainbat xehetasun eman zituen atzo Marie-Line Meaux bitartekariak. Hiru hilabetez trazatu simulazioa egiten aritu da, eta linea berria Lapurdin egokitzeko oztopo gaindiezinik ez dagoela goraipatu zuen atzo.

Ainize BUTRON |

Marie-Line Meaux, Parisko Gobernuak AHT linea berriaren inguruan bitartekari lanak egiteko bidalitako teknikaria, Lapurdiko linearen inguruko hiru hilabeteko azterketa egiten aritu da, eta atzo jakinarazi zituen horren emaitzak. Ibilbidearen simulazio birtual bat egin du Meauxek, eta, horren arabera, linea berria ingurumenean egokitzean «gune sentsible gehienak gainditu» daitezke.

«Gaur egun trenbideak ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eginez eraikitzeko beharrezko teknologia badugu. Nik egindako ikerketa simulazio bat baizik ez da, behin betiko ibilbidean hobekuntzak egiten ahalko dira», adierazi zuen.

Egindako ikerketaren xehetasun guztiak azaldu ez bazituen ere, hainbat datu nabarmendu zituen. Izan ere, RFFk aurkeztutako lehenengo trazatuetan 2.200 etxebizitza kaltetuko zirela esaten zen. Meauxek, berriz, datu hori hirurogei batera jaitsi du. Etxaldeei dagokienez, oro har mila hektareako eremua hartuko zuela esaten zen, eta 70 bat hektarean utzi du Meauxek, hots, berrogei bat etxalde. Aldaketok bere lanaren zehaztasunari atxiki zizkion bitartekariak. «Trazatuak laurogei metroko zabalera izango duela jakinda, zehazten hasi orduko kalteak txikitu egiten dira», esan zuen. Tunelen eta zubien berri ere eman zuen, eta horretan, ibai guztiak biaduktuen bitartez zeharkatuko direla esateaz gain, orotara, trazatuaren %47 tunelak izango direla argitu zuen. Biaduktuek, berriz, 5.000 metroko luzera izango dute.

Horiek esanda, honakoa nabarmendu nahi izan zuen Meauxek: «Linea berria ez da sekula ikusezina eta kalterik gabekoa izanen. Obrak izango dira proiektua gauzatzeko lehen etapa. Halere, simulazio honek datu garrantzitsua eman du, alegia, soilik ehun bat etxe eta etxalde zuzenean ukituak izanen direla».

2011ko udan

Atzo plazaratutako datuekin batera, Meauxek hainbat aholku eman zituen. Horien artean, 2011ko udarako trazatu errealak ikertuak izatea eskatu zuen, ministerioak proiektua lehenbailehen onartu ahal izateko. Bitartean, ingurumen erakunde independente bati egokitzapen azterketa bat egiteko eskatuko zaio, eta, horrez gain, ikerketa tekniko bat bideratzekotan dira.

Bestalde, bitartekaritza lanari buruz ere galdetu zioten Marie-Line Meauxi, eta, hiru hilabetez egindako lanean ministerioak eskatutako «misioa» bete duela ihardetsi zuen. «Linea paisaian barnatzeko sortu diren arazoak identifikatzeko eta irtenbideak atzemateko eskatu didate. Hala eta guztiz ere, egin dizkidaten eskaera guztiak ministerioari helaraziko dizkiot», bukatu zuen Meauxek.

Tren garraioa

Lapurdin tren garraio zerbitzu eraginkorrago baten beharra dagoela esan du Marie-Line Meauxek. Eta, bere ustez, ondoko egitasmo kontratuetan horri buruzko lan berezi bat burutu beharko da.

Hautetsiek borrokari eutsiko diotela azaldu dute

Marie-Line Meaux bitartekari Lapurdiko hautetsi guztiekin bildu zen atzo arratsaldean bere azterketaren emaitzen berri emateko. Bilera amaitutakoan, hautetsi gehienek «deus ez» zutela ikasi esateaz gain, «desilusio» hitza zuten ahotan. Lekuko parlamentari guztiek bilkurari muzin egin zioten, eta bertan proiektu berriaren aurka eta egungo linea egokitzearen alde diren auzapezak bat agertu ziren.

Bilkura bukatu orduko, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak esan zuen: «Meauxek bere lanaren zati bat egin du, alegia, RFFn proiektua argitzearena. Baina, bere bigarren lana, bitartekari misioa, ez du bete. Ez gaitu entzun». Hortaz, erabakiak hartzen dituztenengana joko dutela eta Marie-Line Meauxen misioa zabaltzeko eskatuko dutela esan zuen. «Gaia ez dago inolaz ere bukatua. Bertan ginen hautetsiok ez dugu gure galderen erantzunik izan».

Borrokari eusteko asmoarekin kaleratu ziren, beraz, atzo hautetsiak bilkuratik. Eta, beraien aldarrikapena entzunarazteko hurrengo pausoa dosierra kudeatzen duen ministroarekin hitzordu bat eskatzea izango dela argitu zuten. A.B.

europan

EAJren emendakin bati jarraiki, Europar Parlamentuko Garraio Batzordeak «Euskal Y» ibilbidea Europako trenbide sareen zerrendan sartu zuten atzo. Oraindik ez da behin betikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo