Euskararekiko konpromisoak eskatu eta elkarlana eskaini du Kontseiluak
Administrazioek euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen dutela salatu eta «euskara beti bigarren tokira baztertzen dela» gaitzetsi zuen atzo Paul Bilbaok. Hala, euskararekiko konpromisoak eskatu, eta ildo horretan, egun, pauso bat harago emateko garaia dela adierazi zuen.
Gari MUJIKA |
Azken urteotan, baita Kontseiluak soinean daramatzan hamabi urteei so egin ostean ere, euskararen normalizazio bidean aurrerapausoak eman direla aitortu arren, oraindik egoera normalizatuak izango lukeen erabilera mailaren azpitik gaudela esan zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, eta hortaz, azkartu beharreko esparrua dela nabarmendu. Joan den apirilaren 24az geroztik getxoztarra da Kontseiluko idazkari nagusia, eta hamabi urteotan haren gidari lanetan aritu den Xabier Mendigurenekin batera, prentsarekin bilkura egin zuten biek atzo, Donostian.
Egun euskararekiko atxikimendua nahikoa ez dela agerikoa dela azaldu zuten biek, euskararen normalizazioan aurrerapausoak eman daitezen konpromisoak ezinbestekoak direla gaineratuz. Eta konpromiso horiek, lehenik eta behin, norbanakotik hasi behar direla azpimarratu zuen Mendigurenek. Gogora ekarri zuen orain hamabi urte hasi zirenean, «lau katu eta ia baliabiderik gabe» izatetik, egun, hogeita hamabi langile dituztela eta herrialde guztietan ordezkaritza dutela. Urte hauetan guztietan lan itzela egin dela gogora ekarri eta eskerrak emateko baliatu zuen atzoko agerraldia.
Paul Bilbaok gogora ekarri zuen egindako lanari esker euskararen aldeko jarrera orokorra dela egun, baita biztanleen laurdena euskalduna dela ere, baina horren ondotik, egoeraren gordintasuna nabarmendu zuen: «Gaur egun ez dago Euskal Herrian euskaraz bizitzerik; euskaldunak beti ahalegin bereziak egin behar ditu horretarako. Eta hori ezin daiteke euskararen herrian eman, oinarrizko eskubidea baita».
Herritarren parte-hartzea
Norabide horretan aldaketak egin behar direla azaldu zuen. Horretarako, «aukera berriak zabaltzeko», euskalgintza elkartzen denean indarra baduela ikusten dela azpimarratu zuen. Xabier Mendigurenek horren adibide argitzat jo zituen «Egunkaria auzia»ren gainean egindako lanaren ondorioak.
Aurrerantzean, Kontseiluak euskararen normalizazioaren bidean pauso bat harago emateko eskatuko die norbanakoei, eragileei, alderdiei zein instituzioei, euskararen normalizazio plan «eraginkorrak» abiaraz ditzaten. Eta euskararen berreskurapenean, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela gaineratu zuen.
Kontseiluaren iritziz, euskararen alde pauso bat harago eman behar da normalizazioaren bidean. Instituzioei, esaterako, planak «eraginkortasuna»ri begira lantzeko eskatuko diete.