SURFA
Udan surfa egiteko: taula eta olatua
Haritz LARRAÑAGA Surf monitorea
Gero eta gertuago daukagu uda eta izango da aurtengoan surfa egiten hastekotan dagoenik. Uda sasoi egokia da lehen urratsak ematen hasteko, olatuak txikiak dira, ura ez dago hotz eta eguzki orduak ere ugariak dira egunean zehar tartetxoren bat aurkitu ahal izateko. Hori kontuan hartzeko datua da, izan ere, surfean aritzeko ezinbesteko osagaiak bi dira, taula batetik eta olatuak bestetik, eta kito! Gainontzekoak gehigarriak dira.
Taula bat lortzea norberaren erosahalmenaren mende dago, baina itsasoa ez dago erosterik, ezta menderatzerik ere eta hori, hasi aurretik, oso kontuan hartu beharreko afera da. Izan ere, guk jai daukagun bakoitzean olatu egokiak izatea oso gauza zaila da, batetik, baldintza ugari bete behar baitira guk gustuko dugun itsasaldia izan dadin eta, bestetik, une egokian leku egokian izateko aukeran egon behar dugu. Surflariok egun osoa itsasoari begira igarotzen dugula uste du jendeak, `hauek lanik egiten ote dute' famatua ongi irabazia daukagu. Izango da egun osoan `marea puntuaren zain' egoteko aukera duenik, beste batzuek ordutegi malgua izateko aukera ematen dien lanbidea izango dute, beste batzuek lan ordutegia dela-eta ezinean ibiliko dira eta lanetik ihesi ibiliko denik ere izango da. Anekdota gisa, Mundakan egin zen surf txapelketa batean kamera aurrean pare bat hitz esango zituen norbait topatu nahian zebilen erreportari bati entzundakoa: «Astegunean hainbeste jende txapelketa ikustera etorri dela ikusita, jendeak lanik egiten ez ote duen pentsatu dut hasieran. Gero kamerarekin gerturatu natzaio ikusle bati eta mesedez irudirik ez hartzeko eskatu dit, berez lanean behar zuela eta hor eskapadatxoa eginda zegoela. Bigarrenarekin, gauza bera, eta horrela mordoxka bat. Eta orain zera dabilkit buruan, jendeak zein lan mota egiten ote duen, nahi duenean, ezkutuan bada ere, lantegitik ihes egin ahal izateko». Horra hor surflari amorratu baten afera nagusia, beste ezer baino lehen olatu onak dauden unean itsasora joan ahal izateko aukera emango dion lanbide bat aurkitzea.
Hastapenetan behar dugun olatu mota topatzea, ordea, erraza da, behar duguna ahalik eta ibilbide luzeena egingo duen apar bat da. Horretarako, egokiena malda gutxiko hondartzak dira, Hendaia edo Zarauzkoa kasu. Itsasaldi egokiena itsasbehera da, apartxoak apalago datoz. Taula albo batean daramagula pixkanaka oinez barruratuko gara eta ura gerri parean dugunean, bira eman eta apartxoak harrapatzen lehen saiakerak egiten has gaitezke. Beti oinekin lurra ukitzen dugula eta gerritik behera, bestela lan handiak hartuko ditugu urautsiak gainditzen.
Taulari dagokionez, berriz, gauza ez da hain konplikatua. Zenbat eta taula handiagoa, zabalagoa eta lodiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da ikastea. Hastapenetako taulak ez dira politak, astunak dira eta ez dira autoan erraz sartzen, baina ongi ikasi nahi bada, lehenik taula handia menderatzen ikasi behar da eta horrek pare bat urte eskatzen ditu. Taula txiki bat mugitzea erraza da, baina epe luzera surfa egiten ikasi nahi badugu, hobe dugu lehenik taula handi bat mugitzeko eman behar diren pauso teknikoak behar bezala ikastea.
Hiru fasetan bereiz daitezke surfean ikasteko eman behar diren urratsak: lehen urratsa aparretan eman behar da, arraun egiten apartxoa harrapatu eta zutik jarri. Bigarren urratsa, behin zutik jarri eta oreka mantentzen ikasita, olatua apar bihurtu baino lehen zutik jartzen ikasi behar dugu. Eta hirugarren urratsa, ihesbidean surf egiten ikastea da, alegia, olatua oraindik lehertu ez den lekutik joateko gai izatea. Hortik aurrera norberaren abileziaren araberako ariketak egingo ditugu, baina ihesbidean joateko gai bagara, «ariketa erregina» deritzon tubo famatua egiteko gai ere bagara, beste ariketa zailik egin behar izan gabe. Horretarako, behar bezalako olatua harrapatu beharko dugu eta hori bai dela gauza zaila, dagokigunean leku eta une egokian egotea.
Aparretan gabiltzanean, ez daramagu abiadura handirik eta ez hondoratzeko taula handia behar da, longboard bat. Bigarren fasean, malibu batekin has gintezke. Malibua longboard eta taula txiki baten tarteko zerbait da. Malibuarekin zailagoa zaigu olatua harrapatzea, oreka gutxiago daukagu, baina aparrak gainera datozkigunean kolpea txikiagoa da eta uhina zeharka harrapatzeko ere aukera gehiago ditugu. Taula mota honekin bizi osoan egin daiteke surfa lasai, ariketa guztiak egin baitaitezke. Hirugarren fasean ere, malibu batekin oso ongi moldatuko gara. Izan dezakegun arazo bakarra aparrak zeharkatzeko azpiratzea burutzea da, taula txiki batekin errazago egiten baita. Ordu asko sartu behar dira taula txiki batekin surfa behar bezala egiteko, maila altua eskatzen du, alegia, olatuak arazorik gabe harrapatu, zutik erraz jarri eta taula guk nahi dugun lekuan jartzeko gai izan behar dugu. Baina, esan bezala, ez dago presarik, finean, beharrezko gauza bakarrak taula eta olatua dira.