GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalerri euskaldunak babestuko dituen lege bat eskatu du UEMAk

Egun dagoen hizkuntza politika «oztopotzat» hartu eta udalerri euskaldunak babestuko dituen lege bat eskatu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak atzo, Mallabian ospatutako ekitaldian. UEMA 61 udalerrik osatzen dute egun, atzo Izurtza ere barnean hartu eta gero.
p021_f02_097x100.jpg

Z. ETXEBERRIA |

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Eguna ospatu zuten atzo, Mallabian, «Ein eingou» lelopean, egun osoko egitarau zabala lagun izan zutela. Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari ohia eta Ińaki Arregi, UEMAko koordinatzaile izandakoa, aste honetan zendu dena omendu zituzten bertan.

Goizean burutako batzar nagusian hainbat gai jorratu zituzten, besteak beste, Izurtzako udalerria onartu zuten, hortaz, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 61 udalerrik osatzen dutela argitu zuen UEMAko lehendakari Jon Bollarek. Horrez gain, Udalbiltzaren aurkako epaiketa salatzeko mozioa «aho batez» onartu zutela ere jakinarazi zuen Bollarrek.

«Ein eingou» leloa zeraman egunak aldarrikapenerako tartea ere izan zuen. «19 urte pasatu dira UEMA sortu zenetik eta egia esan euskal udalerrietan iraulketa izan da», nabarmendu zuen Bollarrek, hain zuzen ere: «Udalerriek euskaraz funtzionatzen dute», baieztatu zuen.

Hala ere, egun dagoen hizkuntza politika «oztopotzat» hartzen dute. Izan ere, UEMAko lehendakariaren ustez, «marko juridikoak hizkuntza era egokian garatzea eta erabiltzea ez du ahalbidetzen». Horregatik, euskarak lege berri bat behar duela aldarrikatzen dute eta aurrerantzean hori izango da UEMAren aldarrikapen nagusia. «Marko juridikoa gainditu, lege berri bat lortu eta udalerri euskaldunak babestu egin behar dira», adierazi zuen Bollarrek eta udalerri euskaldunetan «euskara lehenetsi» egin behar dela gehitu zuen.

Bazkariaren ostean kantu saioa, ipuin kontalariak eta dantzaldia izan ziren. Egunari bukaera emateko berriz, 23.00etan, Erlazi eta Damu Dot taldeen kontzertuez gozatzeko parada izan zen.

Euskal Jaia Maeztun

Bestalde, Arabako Mendialdean sortu berri duten Amezti euskara elkartearen aurkezpena egin zuten atzo bertan Maeztun.

Euskara sustatzeko asmoz, Arraia-Maeztu udalerriko zein beste herri batzuetako lagunek Amezti elkartea eratu dutela jakinarazi zuten. «Gure herrietan gero eta euskaldun gehiago dago, baina euskaraz mintzatzen direnak gutxi dira», nabarmendu zuten.

«Nahiz eta euskaldunak izan eta euskara ikasi» Arabako Mendialdeko haurrek eta gazteek euskaraz aritzeko «oso aukera gutxi» dutela salatzen du Amezti elkarteak.

Horren harira, euskara eta euskal kulturaren inguruan egitarau oparoa antolatu zuten atzoko egunerako. Haurrek zein helduek ekintza ugariz gozatu zuten. Hala nola, umeentzako puzgarriak egon ziren, herri kirolak, herri bazkaria, Aramaio vs Kakiturri Ehari bertso txapelketa eta dantzaldia, plazan, 20.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo