GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Realeko peñen biltzarra

Bigarren maila behar bezala agurtzeko entrenamendua urretxu-zumarragan

Euren heroiek Zubietan egindakoaren antzera, 300 bat realzale bigarren mailari agur esateko gaur anoetan egitekoa den festa erraldoirako bi egunetako entrenamendua egiten ari dira Urretxu eta Zumarragan. Askok itxarondako eguna gainean da, eta zer hoberik bezpera guztiek ekarri ohi duten urduritasuna festa giroan elkarrekin pasatzea baino.

p008_f01_250x152.jpg

Jon ORMAZABAL-Koldo AKORDARREMENTERIA

Eguraldia apur bat hobexea izan zitekeen arren, urteko sasoi honetarako fresko samar egiten baitzuen Urola Garaian, nekez aukeratuko zuten data aproposagorik Musti Taldeko partaideek aurten eurei antolatzea egokitu zaien Realaren Peñen Biltzarrerako. Izan ere, nolabait Urtezaharraren pareko asteburua izaten ari da txuri-urdinen 300 bat zalerentzat. San Silvestre egunean, interes gehiago edo gutxiagorekin, denok izaten gara zain, ordulariak gaueko hamabiak noiz joko, urte berriari diosala egiteko.

Abenduaren 31ko gauerdira barik, bihar arratsaldeko zortzietara begira daude realzale guztien ordulariak, eta urtarrilaren 1ean urte berria hasten delako segurantza beraz, ordu horretan Reala «dagokion lekuan» egongo dela esan ahalko dutela argi daukate Euskal Herriko txoko guztietatik eta estatu espainoleko hainbat txokotatik etorritako peñetako kideek.

Matematikek oraingoz bestelakorik badiote ere -ditxosozko %99,96a batek baino gehiagok izan zuen ahotan-, realzaleentzat tramite huts bat baino ez da geratzen, «Realarekin, azken unera arte ezer esaterik ez dagoen arren», inork ez baitu uste %0,04 horrek eragina izateko inongo aukerarik duenik.

Kamioia jarri da martxan

Hala, errepidera igoeraren egunean itzuli behar zuen kamioiak egun batzuk aurreratu ditu bere irteera, eta ostiral gauean hainbat buelta eman zituen bi herrietako kaleetatik, lehen animo oihuak zabaltzen. Iban Gomez zumarragarrak azaldu zuenez, «kamioia desguazerako geneukan eta Realak maila galdu zuenean erabaki genuen konpondu, zuri-urdinez margotu eta maila berreskuratzean berriro ere ateratzea, jendeak bertatik ospa dezan igoera».

Gipuzkoako beste herri askotan bezala, Urretxu eta Zumarragako etxe eta dendetan ere asko ugaritu dira azken egunetan kolore zuri-urdinak, eta biltzar honetako ikur bihurtu den kamioia ez da taldearen kolorez jantzi den bakarra. Izan ere, Musti peñaren egoitza den Urretxuko Laket tabernako kanpoko paretak ere goitik behera daude margotuta. Sukar txuri-urdin hau, ordea, ez da oraingo kontua.

2003an, talde gipuzkoarra Liga txapelketa irabaztekotan egon zen garaian, margotu zuten lehen aldiz era deigarri horretan tabernaren kanpoaldea eta oraingo honetan arrakasta gehiago izatea espero du Patxi Jarit ideiaren sortzaileak.

Peñetako kideen artean, Cadizen egoteko aukera izan zutenen artean behintzat, han bizi izandako une gogoangarriek berriketa askotan minutuak eta minutuak bete zituzten, astebete lehenago Andaluziako hirian bizi izandako asteburuak denetik izan baitzuen, besteak beste, eguzkia, leku politak eta bertako jendearekin giro paregabea.

Paisaiaren aldetik arras desberdinak dira Cadiz eta Urretxu-Zumarraga. Eguzkiak ere ez zuen atzokoan agertu nahi izan, baina Musti taldekoek inguruko lekurik eta ohiturarik esanguratsuenak erakutsi nahi izan zizkieten bertaratu zirenei.

Era guztietako ekintzak

Hala, kirolaz eta gastronomiaz gain, kultura jarduerarik ere izan zuten peñetako kideek eta batzuentzat ostiral gaua nahi baino gehiago luzatu zen arren, goizean goiz Antiguako baseliza ¯«ermiten katedrala» bezala ezagutzen dena¯ bisitatzen egon ziren.

Kirolzaleak izanik, gustura hartu zituzten Ederrena pilotalekuan San Joan txapelketa dela-eta jokatutako afizionatu eta gaztetxoen pilota partidak, baita gazteenen txirrindu festa ere.

Urola taldeko kategoria txikietako umeek ere Realaren bandera gogotsu eraman zuten Zumarragako udaletxetik Urretxukora, kalejira berezi bat sortuz. Txistulariek ere bat egin nahi izan zuten jaiarekin, ohiko jantziak albo batera utzi, eta Realeko elastikoak soinean.

Agenda kargatuegia izan zuenik ere egon zen, gehiegi izan zirelako egin beharreko «ekitaldiak». Izan ere, Realarenaz gain, asteburu honetan urretxuar eta zumarragarrentzat izan da beste igoera garrantzitsurik.

Frontoian egindako bazkari eta afariaren artean, beste pilotaleku batean, Tolosako Beotibarren, izan ziren askoren gogo eta gorputzak. Aritz Lasa bertako semeak Bigarren Mailako buruz burukoa finala irabazi eta onenen artean lehiatzeko aukera izango du datorren urtean. Aurrelariaren hooliganek, Gaztetxeko autobusean joan zirenek batez ere, erakutsi zuten euren grinak ez duela realzaleenen inolako inbidiarik.

Peñetako kide hauek, nolanahi ere, hobe dute gaurkorako ere bateriaren marratxoren bat gordetzea. Goizean zehar, Zumarragako Zelai Aristi zinean Realaren Mendeurrenaren inguruko dokumentala emango dute. Ondoren Ederrena frontoian paella-jate itzela izango dute, eta 14.30 aldera, denak autobusetan sartuko dira Anoetara bidean. Azkena, Bigarren Mailan.

Egitaraua
GAUR

16.30 Ordurako egin dute zaleek lehen deialdi ofiziala. Lehia hasteko ordu eta erdiren faltan, jokalariak zelaira iritsiko direnez, ahalik eta zale gehien batzea nahi dute Anoetako 29. sarreran.

18.00 Zelai barrura sartzeko aukerarik ez dutenek, Anoetaren kanpoko aldean kokaturiko pantaila erraldoi baten bidez ikusi ahal izango dute neurketa osoa.

20.00 Ospakizunari ofizialki hasiera emango diote. Jokalariak zelaian bertan egongo dira ordubetez, igoera behar bezala ospatuz. Musika eta su artifizialak izango dira.

24.00 Tabernek baimen berezia lortu dute, jendeak igoera gogoz ospa dezan. Taberna arruntek 2.30era arte eta pub-ek 4.00etara arte zabalik izateko aukera dute.

BIHAR-astelehena

17.00 Jokalariek atsedenik ez-eta, goialdea estali gabe duen autobus batean abiatuko dira Anoetatik. Ondoko ibilbide hau egingo dute: Madrilgo etorbidea, Pio XII.a, Antso Jakituna, Easo kalea, San Martin, Foruen pasealekua eta Boulevard.

18.00 Bi autobus prestatu dituzte ospakizunerako. Batean jokalariak eta teknikari talde joango da; bestean, DJ eta dantzariak izango dira jendea animatzen.

19.00 Donostia osoa zeharkatu ostean, udaletxea izango dute geralekua. Udaleko karguak agurtu ostean, Alderdi Ederren batzen diren zale guztiei eskainiko diete igoera.

20.00 Udaletxetik Foru Aldundira igaroko dira jokalariak; han ere kargu instituzionalak agurtzeko.

ETZI-asteartea

Realak Gipuzkoa osoan ospatu nahi du igoera. Oraindik ez da plan zehatzik aipatu, baina lurralde osoko herrietan barrena ibiliko dira ospakizun lanetan. Hori bai, Arantzazun geldialdia egingo dutela gauza ziurra da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo