Julen MURGOITIO
Garbiena? Petrolioa bera!
Hasia leku batzuetan, hastear besteetan. Hondartza-aldi ofizialaz nago. Aurten ere egunkariak uda dakarren seinale. Akabo azken udazkenetik hona hareak eguzkitan izateko izan eta gozatu duen berezko eskubidea. Uda ofizialean oinek izango dute harea preso, udan ofizioz bainulari direnen oinok. Eta oinek baino zabalago gorputzek eurek hartuko dute harea preso, eguzkiak larruazalari brontze kolorea ezarri diezaion harearen gainean luze etzan eta aldizka buelta emanda, orain aurkia orain ifrentzua, gora eta behera gorputzaren ardatzaren inguruan biraka ibiltzen diren horien gorputzek preso hartu ere. Eta hondartzari olatuek zer ekarri eta lehen hondarrak ekartzen zizkioten, denbora eusle motela diren elur ustelak kasurako, baina orain zer ekarri eta petrolioa ekartzen diote, larruan brontzearen arerioa den beltza zabalduz. Prestige ontzia gogoan. Haren hondoratzea izan eta zortzi bat urte pasa denean epaiketa hastear omen da, akusatuen aulkian kapitaina baino ez dela izango, ez koronelik eta ez almiranterik. Tira, zortzi urte ez da denbora asko epaiketa baterako, Indiako Bhopaleko hondamendia orain hogeita sei urte izan eta egunotan eman baitute epaia; bai, zerbait ematearren, epaia eman dute. Batean petrolioa itsasora isuri, bestean metilo-isozianatoa edo airera, zoritzarrez kasu hauetan bide guztiak ez doaz Erromara, hondartzetara baino.
Hau kolpea! Lehen barkuak erreskatatzen ziren, orain bankuak; arrastera dabiltzan diruontziak. Lehen egur ustelak ailegatzen ziren hondartzara, aktibo toxikoak heltzen dira orain. Arrantzalekuak babestu beharrean, burtsalekuak babesten dituzte. Hau mundu aldrebesa! Demontre! Ez, ez da Grezia zaharreko pentsalaria, ez. Mexikoko Golkoan itzelezko isuria dago, hori bai iraunkorra gero! inguruko Ipar Amerika handia kaltetzen dagoena. Petrolio-konpainiek ondasunak baino hondamenak sortzen dituzten seinale. BP errudun zuzena. Horren akzioek London Cityko burtsan gutxiago balio dute gaur golkoko itsaso-hondoko ekintzek baino. Eta Bretainia Handiko pentsionistak Luisianako arrantzaleak baino ataka larriagoan dira, nonbait euren pentsio-funtsak BP horretan inbertitu baitziren; British Pension zelakoan, beharbada. Ustelak ustel. Herriko hondartzan pasa beharko dute uda hauek ere, bertoko harea zapaltzen, olatuek zer ekarriko zain. Ekonomian garbiena petrolioa bera den seinale.