GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Martxel Toledo Garmendia ESAITeko koordinatzailea

Euskal Herria aurrera!

PSE eta PP, Jaurlaritzara iritsiz geroztik, kirolaren ikurra erabiliz, espainiartasun hori nabarmen indartzen ari dira. Baina alferrik ari dira herri honen sentimenduarekin jolasten

Azken hauteskundeetan, Euskadiko Alderdi Sozialistak (PSE) eta Alderdi Popularrak (PP), herri honetako zati bati bere aukera politikoaren debekua ipiniz, alegia, tranpa eginez, Jaurlaritzaren jabe egitea lortu zuten.

Hasieratik, aipatu alderdi horiek argi utzi zuten beren helburu politikoa herri hau normalizatzea izango zela, eta hori lortzeko eskura zituzten baliabide guztiak erabiliko zituztela. Eta jakina erabiltzen ari direla, orain jabetu baikara zertaz ari ziren; alegia, «normalizazio» hitz potolo hori, beraientzat zertan oinarritzen den. Urrutira joan gabe ikus baitezakegu hitz magiko horren atzean herri hau espainoltzea ezkutatzen dela.

PSEk eta PPk jakin badakite beren helburuak lortzeko, alegia, Euskadi Espainiarekin lotzeko eta aipatu normalizazio faltsu hori lortzeko, tresna onenetarikoa kirola izan daitekeela, besteak beste, herritar askorengana iristeko balio duelako, batez ere, jokoan koloreak eta sentimenduak aurrez aurre aurkitzen direnean.

Jakina da Patxi Lopezek kudeatzen duen Gobernuak Athletic taldeari, diruaren truke eta Europara begira, bere kamisetetan «Espainia» hitza jartzea proposatu ziola. Baina, dirudienez, jokaldia ez zitzaion borobil atera eta Athleticek, Anderlechten aurka Bruselan jokatutako partidua aprobetxatuz eta EAEko irudi turistiko berria aitzakia hartuta, «Euskadi» hitzaren azpian, bi hizkuntzatan, ingelesez eta gaztelaniaz, «Espainia» hitza azaltzearekin konformatu behar izan zuen.

Baina Athleticekin lortu ez zutena, Lopez eta bere lagunek Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldearekin lortu dute, orain gutxi jakin baitugu taldearen ibilgailuetan, alegia, autobus eta auto guztietan, Jaurlaritzak, diru laguntzaren truke, izenaren azpialdean, «Spain-Espagne» jartzera behartu duela. Eta hori, beste hitz batzuk erabiliz, inposaketa besterik ez da.

PSE eta PP alderdiak Jaurlaritza kudeatzen hasi zirenetik, Euskal Herrian inoiz baino Espainiako final gehiago jokatzen ari dira. Batzuk, eta esanguratsuenak aipatzearren, orain bi hilabete BECen (Barakaldo) gizonezkoek saskibaloian jokatutako Errege Kopa, pasa den asteburuan Basaurin nesken mailan futbolean jokatutako Erregina Kopa, aste honetan bertan, Bilbon, Espainiako eskalada Kopa, Hondarribitik atzo abiatu zen Espainiako belaontzi Itzulia, edota uztailean Izaban jokatuko den mendi lasterketako Espainiako Kopa. Ez dut uste inork pentsa dezakeenik hau guztia kasualitate hutsa denik, ezta gutxiagorik ere. Ziur nago aipatu alderdi horiek markatutako helburu estrategiko garbi horrekin lotuta doala.

Egia da, bai, PSEk eta PPk Jaurlaritza hartu aurretik ere, Euskadi eta Espainiaren arteko lotura hori, neurri batean edo bestean existitzen zela, eta tamalez, Euskal Herrian Euskadiko federazio ezberdinek antolatuta, Espainiako izaera duten txapelketak jokatzen zirela. Baina horrek ez du aldatzen esaten ari naizena, alegia, PSE eta PP, Jaurlaritzara iritsiz geroztik, kirolaren ikurra erabiliz, espainiartasun hori nabarmen indartzen ari direla. Baina alferrik ari dira herri honen sentimenduarekin jolasten. Gu ez baikara espainiarrak ezta frantziarrak ere, euskal herritarrak baizik.

Eta horregatik, Gasteizko Parlamentuan egindako agerraldian esan genuen bezala, bai Tourmalet-en, bai Gasteizen, herri honek bizirik jarraitzen duela, alegia, Euskal Herria existitzen dela demostratuko dugu. Eta horretarako nazio klabean jokatu nahi dugu. Eta nazio modura erantzutea espero dugu. Argi baitugu, nazioa garen heinean, gure selekzio propioak izateko eskubidea dugula.

Beraz, hel diezaiogun PSEk eta PPk Jaurlaritzatik bota diguten pultsuari, hel diezaiogun aurrean dugun erronkari eta egin dezagun elkarrekin aurrera! Herri honen identitatea defendatzea beharrezkoa eta legezkoa da-eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo