GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Estatu indarkeria Irlandan eta hemen

 

Bloody Sunday» izena hartu zuen 1972ko urtarrilaren 30ean britainiar soldaduek egin zuten sarraskiak. Hamalau lagun tirokatuta hil ziren Derryko kanposantuan. Irlandak askatasunaren bidean duen gatazka luzean pasarte ilunenetarikoa dugu Igande Odoltsua. Hastapenean, errepublikanoen mugimenduak, alde batetik, eta eskubide zibil eta politikoen alde jarduten zuten elkarteek, bestetik, gertakari latz horren karietara justizia egiteko aldarrikapena bere egin zuten.

Tiroz hil zituzten herritarrak kriminalizatuz soldaduak zutitzeko saioak ez ziren falta, ezta biolentzia politikoak sorturiko «giro zailean» sarraskitzaileen azalpenak bilatzeko ahaleginak ere.

Igande Odoltsua argitu ordez, britainiarrak Irlandan egiten ari ziren guda amaigabeari zentzua ematen saiatu ziren Armada eta Gobernuaren itzalpean jardun zuten batzorde eta txostengileak.

Laino artean igaro zen ondoko urteetan Bloody Sunday. Han hemenka aferak aipamen bat edo beste merezi zuen. Ezkertiar eta errepublikanoen hedabideetan, gehienbat. Hortik kanpo isiltasuna nagusitu zen.

Karriketan, Derryn gertatutakoaren salaketak hormak tindatzen zituen; ez, ordea, politikarien agenda. Hildakoei egiten zitzaizkien omenaldietan transbertsalitate gutxi sumatzen zen. Eskubide zibilen aldeko ekintzaileak, errepublikano militanteak... eta herritar soilak. Bakardade ukitua antzematen zitzaien su artean igarotako garaietan Igande Odoltsuaren urtemugaren karietara egiten zituzten omenaldiei.

Paradisuak bezala, bizitzaren aldeko diskurtsoak bere binperra duela jabetuko gara, argazki zaharrak berrikusiz gero.

Boteredunen hatsarekiko bereziki sentibera den justiziak urte luzez Bloody Sunday-k utzitako samina mespretxatu du. Oro har, errepublikanoen eremuan ziren herritarrak kondenatuak ziren. Bigarren mailako jendeak, arimarik gabeko sasipiztiak.

Bake prozesua abiatu zenean, Igande Odoltsuaren dosierra mahai gainean ezarri zuten errepublikanoek. Bertsio ofizialari mozorroa kentzeko garaia zen.

Heldu den astean, agian, 1972az geroztik Bloody Sunday oroituz malkoak jaurti, ukabila altxatu, kantak lau haizeratu edo filmak egin dituztenek aspaldi itxaroten zuten justiziaren berri izanen dute. Eta gure herrian estatu indarkeriak kolpaturiko guziek beren eguna gertuago dagoela sentituko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo