Añorgako bizilagunak zaborrak atez ate biltzeko sistema ezartzearen alde daude
GARA
Ingurumenaren egoeraz, lurraren, uraren eta airearen eta bereziki Añorgak jasan behar duen kutsadura mailaz «kezkatuta» daudela agertu dute bertan jaio, bizi edo lan egiten duten herritarrek, erretiratu zein gazteek, emakume zein gizonezkoek, irakasle, guraso edota kultura arloko bertsolari zein dantzariek.
Lakuak Cementos Rezolari eman dion Ingurumen Baimen Bateratuaz baliatuz, «auzoko enpresa handiena ezkutuko erraustegia bihurtzeko bidean doalako» kezkatuta daudela argitu zuten. Hein horretan, Zubietan ezarri nahi duten errauste plantak ere kezka sortzen die.
Horren harira gogorarazi zuten, 2005ean, Donostiako Udalaren aginduz, Añorgan atez ateko bilketaren ezartzeko ikerketa bat egin zela. Horren arabera, sistema horren bidez hondakinen %80 gaika biltzea lor liteke lehenengo unetik, ekonomikoki garestiago izan gabe. Hala, «añorgatarrok geure hondakinez arduratuz erraustegiarentzat hondakinik ez litzateke geratuko, %20 edo gutxiago geldoa izango litzatekeelako, materia organikorik gabea», azaldu zuten.
Hortaz, atez ateko sistema «lehen baino lehen» ezartzeko eskatu zioten Donostiako Udalari. Usurbil, Hernani edo Oiartzungo herriak lortzen ari diren emaitzak lortzea Añorgan ere posiblea badela adierazi zuten atzo bertako bizilagunek. Era berean, bilketa sistema hau Gipuzkoako herri guztietara zabaltzea aldarrikatzeko datorren igandean Donostian izango den manifestazioarekin bat egin zuten.