Mailari eusteko borroka
Ezinezkoa zirudien aukera
Txapelketaren bigarren zatian gauzatutako gorakadari esker, bizirik heldu dira irundarrak azken txanpara. Kordoban irabaziz gero, sekulako urratsa emango dute mailari eusteko bide luze eta gogorrean.
KORDOBA-REAL UNIÓN
GARA | IRUN
Borroka berbera da... zorionez. Orain dela hainbat hilabete azken hitza esanda zegoela zirudien, baina txapelketaren bigarren bueltan gauzatutako gorakadari esker, bizirik heldu da azken txanpara. Egun ere, mailari eutsi nahian dihardute zuri-beltzek, baina atzo ez bezala, helburuak eskura dirudi.
Kordoban irabaziz gero, izan ere, sekulako urratsa emango dute bide horretan. Tropel ederra dabil oraindik -hamar bat talde- denboraldiari desiratutako amaiera eman ezinik, elkarren aurkako neurketa asko dago eta etxeko lanak egiten dituenak saria izango du. Batez ere, aurkari zuzenen arteko norgehiagoka horietan.
Real Union bera, esaterako. Irundarren alderantzizko ibilbideari ekin dio Kordobak, orain dela aste batzuk ziurtatuta zirudien helburua kolokan jarriz. Nuevo Arcangelen irabazten badu, hiru puntukoa besterik ez da izango Real Unionen desabantaila andaluziarrekiko; azken jardunaldian ezerezean gera daiteken aldea, gipuzkoarren garaipenak lehen itzuliko 2-3ko emaitza gaindituz gero.
Hiru puntuak lortzen ez baditu ere, talde zuri-beltza bizirik hel daiteke azken jardunaldira, baina matematikak gehiegi konplikatuko liratekeenez, orainaldiko kontu sinpleak besterik ez dituzte buruan. Hau da, «Irunera 49 punturekin itzultzea», Iñaki Alonsok nabarmendu zuen bezala. «Horretan besterik ez dut pentsatzen», aitortu zuen.
Baita hori espero ere. «Taldeak bigarren itzuli honetan eskaini digun erantzuna ikusita, gure konfiantza osoa merezi duela uste dut. Inoiz baino gehiago», aldarrikatu zuen entrenatzaile bizkaitarrak Andaluziarantz abiatu aurretik. Zoritxarrez, hutsune garrantzitsuekin ekingo dio taldeak erronkari, Eneko Romo eta Gorka Brit etxean geratu behar izan baitira, zigortuta. Astean zehar landutakoari jarraituz, Markel Roblesek Romoren lekua hartuko du euskarrian eta Goikoetxeak bere posizioa aurreratuko du, Duran eta Dominguez bigarren lerroan utziz.
Kordobari dagokionez, egoerak sor dezakeen urduritasuna da entrenatzailearen kezka nagusia. «Partida luzea suerta daitekeela aurretik jakin behar dugu, larritasunik gabe jokatzeko», azaldu zuen Lucas Alcarazek.