Bilboko Alondegia autoekoizpenaren plaza bihurtu zenekoa
Goizeko hamaiketan hasi eta iluntzeko zortzietan bukatu, Autoekoizpenen Azokak makina bat kolektibo bildu zituen atzo, Bilboko Alondegian, bakoitzak hamar minutuko tartearekin jendaurrean egitasmoa aurkeztu, elkar ezagutu eta fanzineak saltzeko.
Anartz BILBAO
Uda hastear den arren, ez da giro egunotan Bilbon, eta hotzik egiten ez badu ere, eguraldi lainotsua dugu, atertzerik gabeko euria. Kontuak horrela, toki aproposa da Bilboko Alondegi zaharberritua, ireki zutenetik ekitaldiz ekitaldiz dabilen eraikin distiraz betea. Eta atzokoan ere, makina bat familia bertaratu ziren, aurrenekoz batzuk, ohitura egiten hasiak besteak, Alondegian zer aurkituko.
Atzo, umeen oihu eta korrikaldiekin batera, Autoekoizpenaren Azoka antolatu zuten bertan, beren kabuz eta poltsikotik fanzine, aldizkari eta beste argitaratzera ausartu diren taldeak elkar ezagutu eta plazara ager zitezen.
Alondegiko plazan, ertz batean kokatu zuten azoka, erakusmahaiz osatutako karratua eginda. Ez ziren liburu, komiki edo fanzineak bertan erakusten ziren euskarri bakarrak -kamiseta, diru zorro, disko eta beste ere baziren han-hemenka- baina bai gai nagusiak. Eta jende andana zebilenez hara eta hona, jakin-minak bertara erakartzen zituen asko.
Fanzine eta beste
Azokan mahaia jarri dutenetakoa da Gráfica Valiente taldeko Martin Lopez ere. «Valentziar kolektibo bat gara, grafika munduan murgilduak: ilustrazioak, afixak, komikiak eta beste». Bartzelonako Komiki Azokan 2008an fanzinerik onenerako izendatu zuten «Usted» argitaratzen dute, baita «El temerario» ere (sei zenbaki gutxienez plazaratuak), eskuz egina -serigrafian- eta ilustrazio zein marrazkiei eskainia.
Lopezek aurreikusten zuena baino jende gehiago aurkitu du Alondegian. «Gunea atsegina da, irekia, eta fanzine azoka publiko underground bati eskainia izan ohi da. Hemen ordea, familia giroa izan da nagusi. Salmenta handirik ez dugu egin, baina hurbilketa bat izan da». Gainera, «inguru honetan jendea zertan dabilen ikusi dugu».
Mantxi komikigilea ere bertan aurkitu dugu, «Ia dena» bilduma aurkezten. «Bakarrik etorri naiz, autoekoiztutako komikia aurkeztera. Komikiak birziklatu eta diru zorroak ere egin eta ekarri ditugu, komikiak baino hobeto saldu ditugunak, gainera». Mantxik gonbidapena jaso zuen azokan parte hartzeko. Beraren ustez, «toki berria izanda, jende asko dabil plazan kuxkuxean, eta askok ez zekien ezta azoka zenik ere».
Jorge Nuñezek «Fuerza Vital» aldizkaria argitaratzen du, eta honela aurkeztu digu: «Egitasmoak zinema aldizkariei erantzun nahi die, kritika akademizistak egiten dituztenei. Zuri-beltzean argitaratzen dugu, eta testua baino ez». Beraren esanetan, oso ondo egon da azoka. «Ni gainera ez nator fanzine mundutik eta ingurukoei esker asko ari naiz ikasten, dirua faltan izan arren irudimenez aldizkaria atontzeko: papera nola tolestu, letra tipoak nola egin...». Eta hurbildu zaien jendeak «azoka zegoenik ez zekien arren -turisteo ugari dago oraindik Alondegian-», Komiki Azokan baino gusturago ibili da, «han galdu egiten baikara, eta hemen jasoagoa, bilduagoa da gure esparrua».
Bukatu aurretik, Luis Tejerinarekin hitz egiteko beta ere izan dugu. «Nacho Susaeta eta Willy Uriberekin etorri naiz, `La oficina de hechos'-etik, gure kontuak saltzera. Guk egindako liburuak ekarri ditugu, nire `La vergüencilla' olerki liburua, `El burro delante para que no se espante' eta beste. Kamisetak eta surf argazkiak ere ekarri ditugu... azken batean, guk autoekoiztutako guztia». Honakoan gainera, ez dute parte hartzeko gonbidapenik jaso -«ez dute ondo iragarri»- baina azoka izango zela jakin eta «hemen agertu gara goizean gure poltsekin, eta txoko bat utzi digute, erakusmahaia jartzeko». Eta azokari ondo deritzoten arren, «aukera eman beharko lukete toki honetan espontaneoki zure gaiak saltzen jartzeko, astero-edo, urtean behin izan beharrean».